Irabazitako plaza

Uztarria.eus 2017ko ira. 1a, 20:33

Herriko hainbat emakume aritu da eta dabil musikaren munduan. Oholtzaren gainean emakume izatea zer den azaldu dute horietako batzuk Uztarria herri aldizkariaren abuztuko zenbakian. Aldizkariaren 197. zenbaki hori osorik irakur daiteke jada webgunean, PDF formatuan (hemen).

Denboraren joanean gauzak asko aldatu badira ere, oraindik gizonezkoak dira nagusi musikaren panoraman. Urteen poderioz, emakumeek lortu dute ikusgarritasuna bermatzea, baina, gaur gaurkoz, oraindik ere nabari dute oholtzan emakume izateak zer dakarren.

Duela hamarkada batzuk baziren emakumez soilik osatutako bi talde herrian: Amagar eta Unai Irukoa. Ordutik, hainbat emakumek ezagutu du musikagintza gertutik, besteak beste, Ane Bastidak, Olatz Pratek eta Maialen Bastidak. Bakoitzak beretik, baina emakume izanda oholtzan sentitzen dena izan dute hizpide.

Ane Bastida: "Badirudi balio dugula demostratu behar dugula"

Taldeak: Hesian, Lauroba eta Amor de Tokio.

Instrumentua: baxua.

Ane Bastida (Azpeitia, 1987) baxu-jotzaileak eskarmentu handia du musikaren eszenan. Hainbat talderekin dagoeneko zapaldu ditu dozenaka eta dozenaka oholtza, eta bizi izan ditu une gozoak zein gaziak. Bastidak azaldu duenez, Eztake taldearekin hasi zuen ibilbidea, eta orduan hasi zen "urduri" jartzen. "Nerabea nintzen, jendea ezagutzen nuen eta parrandan hasita geunden... Kritikak jasotzeari beldurra nion". Ondo gogoan du Lauroba taldearekin eskaini zuen lehen kontzertua: "Aurretik etxean egon nintzen, negar batean, botaka, oso gaizki pasatu nuen. Amak esaten zidan beti horrela pasatu behar banuen lagatzeko dena, baina gaizki egonagatik aurrera egin nahi nuen nik. Ia kontzertu guztia anplifikadorearen atzean igaro nuen, ezkutatuta. Txikitu egin nintzen".

Harrezkero, baina, egin du euririk, eta estualdi bat baino gehiago pasatu badu ere, bere buruaren jabe da oholtzan baxu-jotzailea. "Ohitzea asko kostatu zait, barne lanketa egin behar izan dut, baina hasi naiz jendeak pentsa dezakeenari garrantziarik ez ematen. Orain arte asko eragin dit horrek. Kontzertuetan, gozatu beharrean, jendeari begira egoten nintzen. Neure artean pentsatzen nuen: 'Gaizki ari naiz jotzen', 'gaizki abestu dut', 'gutxi ari naiz mugitzen', 'gehiegi mugitzen naiz'... Baina ezin duzu gauza horiek pentsatzen egon".

Hasieran, uste zuen bere buruari egiten zion presio horrek ez zuela zerikusirik emakume izatearekin, baina egun argi du baietz: "Beti izan naiz oso perfekzionista eta asko zanpatu dut nire burua. Zorionez, musikaren munduan dabilen emakume asko ezagutzeko aukera izan dut urteotan, eta ohartu naiz askok dugula arazo hori. Dena ondo egin behar hori oso barneratuta daukagu, baina, aldi berean, mutil askok gaizki jo edo abestu arren, asko disfrutatzen du, eta hori da garrantzitsua. Badirudi emakumeok ezin dugula hori onartu. Badirudi benetan balio dugula demostratu behar dugula, ikusarazi behar dugula ez gaituztela taldean emakume izateagatik edo fisikoagatik hartu". Bastidaren aburuz, dena ondo egin behar horrek "txiki bilakatzen" du pertsona oholtzan, baina, urte dezente pasatuta, jendaurrean "hobeto" sentitzen dela dio.

Musikaren munduan emakumeek presioak jasaten dituztela dio baxu-jotzaileak. "Nik atsegin dut mini-gona janztea, eta jantzi egiten dut, baina inork ez dit esaten galtza elastikoak jantziko al ditudan. Eta nik jantziko ditut galtzak egun batean, eta gona hurrengoan; ez zait batere axola". Bastidak dio beti dagoela zer kritikatu: "Gona motzegia, luzeegia, denak sortzen du hizketarako gaia, eta neskok ere ikaragarri jarduten dugu elkarren bizkar. Batentzat erakargarri egongo zara eta bestearentzat probokatzen, eta objektu sexuala izango zara beste batentzat; izan ere, horrelakoak ere entzun behar izan ditut. Baina ni ez naiz sekula jantzi besteentzat".

Azpeitiarrak bizi izan du une desatseginik, nahi baino gehiago azken urteotan: "Lerdokeria pila bat entzun ditut, soberan zeudenak asko, eta askotan pentsatu izan dut zergatik ez diedan erantzun. Burua jaitsi izan dut, zer egin ez nekiela pasatu izan ditut kontzertuak, oihuka ari zirelako. Kontzertua izorratu izan didate, eta, handiena, gaizki sentiarazi naute. Eta berriz betikora goaz, geure buruari betiko galderak egitera. Galanta da, gero, errua geure buruari botatzen bukatzea!".

Bastidak dio musikarena ez dela batere mundu parekidea, eta hasterako bazuela horren berri. Hark dio kontzerturo erakutsi behar izaten duela baxu-jotzaiela dela. "Askotan galdetzen zidaten noren neska-laguna nintzen, nori laguntzera joan nintzen, edo, gehienez, piano-jotzailea edo abeslaria al nintzen. Eta jendea etorri izan zait kontzertuen ostean baxua nola jo behar dudan esatera. Baina jende hori joango al zen gizon batengana azalpenak ematera? Gustura hartzen ditut iradokizunak, baina ja zalantzan jartzen dut ez ote diren nigana etortzen emakumea naizelako".

Musikaren mundua barru-barrutik ezagutzen ari da Bastida azken urteotan, eta gustura badago ere, argi du: "Lan pila bat eskatzen du musikagintzak, eta asko ematen du, baina ez bizitzeko adina".

Olatz Prat: "Gizarteko estereotipoak eraitsi nahian gabiltza"

Taldeak: Uharri bikotea, Zuri & Beltz, Karelean, Lantz eta Sortuko dira besteak ikuskizuna.

Instrumentua: ahotsa.

Etxetik datorkio musikarako zaletasuna Olatz Prati (Azpeitia,1984), gurasoek transmititu zioten-eta musikarekiko maiatasuna. Umetatik musika eskolan eta koruan aritu ondoren, jendaurrean, aurrenekoz, Jagoba Astiazaranekin kantatu zuen, Uharri bikote bezala. Geroztik, hainbat taldetan zein proiektutan aritu da: Zuri & Beltz jazz bikotean, Kareleanen, Lantzen eta Sortuko dira besteak proiektuan, besteak beste.

Oholtzaren gainean esperientzia du azpeitiarrak, eta dio gizarteko presioen aurrean hainbat estereotipo "eraitsi" nahian dabiltzala emakumeak. "Kanpotik esaten zaigu, nolabait, nolakoak izan behar dugun, baina itxura kontuaz gain, oholtzan ez naiz sentitu inoiz desberdin emakume izateagatik. Esaterako, makillatzeko eta apaintzeko neure denboratxoa hartuta igotzen naiz oholtzara beti, horrek segurtasuna ematen didalako". Eta gaineratu du, urte guztiotan, inguruan izan dituen "emakume guztiak" bere moduan izan direla. Gizonetan denetik dagoela adierazi du Pratek: "Batzuk goizean etxetik atera diren kamisetarekin igotzen dira agertokira; beste zenbaitek, berriz, alkandora plantxatu berria ekartzen dute".

Itxuraren kontuarekin jarraituz, azpeitiarra "beti saiatu" da emanaldietan "normal samar" janzten. "Noski, garai oso desberdinak dira norberak 20 urte izan edo 30. Lehen bai, soineko estuak edo niki motzak eramaten nituen, gorputza pixka bat nabarmentzeko. Orain, kamiseta zenbat eta luzeagoa izan, hobe! Janzkeraren kontuan, musika estiloak berak eramaten zaitu irudi batera, oholtzan izan nahi duzun jarreraren arabera".

Euskal kantagintzan bidea zein emakumek zabaldu duten galdetuta, Pratek adierazi du Ez Dok Amairu mugimenduan hainbat emakume indartsuk borrokatxoa egin zutela, beraien lekutxoa egiteko. "Gero, nik uste dut Emarock proiektuak bidea asko zabaldu duela. Saioa Cabañas Gauilunak argazkilariak musika panoramako hainbat emakumeren argazkietatik abiatutako erakusketa eta proiektua da Emarock. Eta horrek, neurri handi batean, itzalean zeuden emakume asko argitara ekarri ditu, ikusgarri egin ditu". Izan ere, Praten ustez musikarena bada gizonen mundua. "Beti esaten da musika eskolak neskaz beteta daudela, baina, gero, edozein jaialditako kartela hartzen duzu eta musikarien %95 gizonak dira". Nolanahi ere, gaineratu du oholtzan emakumeak proportzioan gutxiago egonagatik, daudenak ez daudela "gutxietsita edo bigarren planoan. Iruditzen zait, gaur egun, agertokiko lehen lerroan pertsonalitate eta indar handiko emakumeak daudela: Anari, Niña Coyote, Miren Narbaiza, Aiora Renteria, Zaloa Urain...". Beti ere, esperientzia pertsonala kontuan izanda, Pratek esan du emakume izateagatik inoiz ez dela sentitu bigarren mailako, eta publikoak ere oso ondo zaindu izan duela beti. "Ez dut diskriminaziorik jaso; justu kontrakoa, oso mimatua sentitu izan naiz beti".

Historian zehar, emakumeen gehiengoak lanari uko egin izan dio, familia zaintzeko. Prat duela urtebete izan zen ama, eta bere kasuan "oso ondo" moldatu da, une hartan ez zuelako proiektu potolorik esku artean. "Baina proiektu handi bat eta amatasuna aldi berean tokatu balira, ba, agian, erabaki bat hartu beharko nukeen". Kontziliazioari dagokionez, esan beharrik ez da oraindik ere urrats asko daudela egiteko, baina Pratek adierazi du bere kasuan, behintzat, "erabaki pertsonala" dela, eta "ez gizartearen erabakia".

Aurrera begira, musikaren munduan emakumeak bere lekua izaten jarraitzeko "erronka nagusienetako" bat "errespetua irabazten segitzea" da Praten ustez: "Arlo guztietan bezala, musikan ere egon daitezkeen espresio matxistei aurre egin behar zaie".

Maialen Bastida: "Jendeak pentsa zezakeenak kezkatzen ninduen hasieran"

Taldea: Erokomeri.

Instrumentua: ahotsa.

Erokomeri taldea 2015. urtean sortu zuen unibertsitateko lagun talde batek. "Batek gitarra jotzen zuela, besteak trikitia... eta halaxe sortu genuen taldea pintxo-poteo batean", azaldu du Maialen Bastida (Azpeitia, 1995) taldeko abeslariak. Haren arabera, Arrasateko Mondragon Unibertsitatearen egunean jotzea zen beraien asmoa, baina harrezkero zapaldu dute plazarik.

Bastida "gustura" dabil erromerietan murgilduta, taldean "oso giro ona" dutelako. "Herriz herri ibiltzea ederra da, eta baita taldean halako giroa izatea ere". Abeslariak aitortu duenez, oholtzara lehen aldiz igo zen eguna berezia izan zen. "Ni, izatez, pertsona oso-oso lotsatia naiz, eta oholtzara igotzea harrigarria izan zen bai neuretzat eta bai ezagutzen nautenentzat". Halere, "ondo eta gustura" sentitu zela dio. "Afizioz hasi nintzen kantuan, eta afizioz jarraitzen dut. Horregatik sentitzen naiz eroso oholtzan". Halere, hasieran, "jendeak pentsa zezakeenak" kezkatzen zuen abeslari gaztea. "Askotan, horrexegatik ez dugu ematen pausorik, jendeak "zer egiten du horrek hor?' galdetuko duela pentsatzen dugulako, baina aurre egin behar diegu halako burutazioei". Bastidak dio presiorik ez duela sekula sentitu itxurari dagokionez eta: "Ni kontzertuetara normal-normal joaten naiz, akabo".

Azpeitiarrak dioenez, baina, bestelako kontuengatik "gaizki" pasatu izan du agertokian: "Jendea animatzen, dantzan eta kantuan ikusten badut behean, gustura sentitzen naiz. Baina, batzuetan, akatsak egiten ditut edo abestiaren hitzak ahazten zaizkit, eta une horiek...". Haren ustez garrantzitsuena "lasai egotea" da, eta gaizki pasatu izan duen uneei buelta ematen ere badaki: "Horrelakoak ere gertatzen dira". Dagoeneko laudorioak entzutera "ohitu" dela dio: "Entzuten ditut komentarioak, batzuetan tontokeriak, baina errespetua galtzen ez duten bitartean... Eskoriatzan kontzertua eskaini genuen batean, ezagutzen ez nuen mutil bat etorri zitzaidan hurrengo egunean egun-pasa joango al ginen galdezka. Horrelakoak ere badira, eta, tira".

Bastidarentzat erreferente diren erromeria munduko musikariak emakumeak dira. "Beste edozein musika motatan talde bat esan, eta, normalean, burura etortzen zaidan lehen pertsona gizona izan ohi den bezala, erromerian emakumeak datorzkit burura". Haren ustez, oso desberdina da emakumeen presentzia musika motari dagokionez. "Erromerian badira neskek soilik osatutako taldeak: Ezten Giro, adibidez". Bastidak uste du "zeharo zaila" dela bateria edo baxua jotzen duten neskak aurkitzea: "Gizartean maskulinizatutako musika tresnak dira horiek, baina badira bateria edo baxua jotzen duten emakumeak, Ane Bastida kasu, eta erromeria taldeetan are gehiago". Horregatik, bera oholtzetara iristerako, erromerietan emakumeek bidea urratuta zutela uste du. "Erreferente izan dira niretzat Alaitz eta Maider edo Maixa eta Ixiar. Horiek bidea ondo baino hobeto zabaldu zuten. Horregatik, niretzat ez da zaila izan musikaren mundura salto egitea; gehien kostatu zaidana lotsa alde batera uztea izan da". Azpeitiarrarentzat Zea Mayseko Aiora Renteria da beste erreferenteetako bat: "Asko gustatzen zaizkit bai taldea eta bai abeslaria. Bertsolaritzan, berriz, Maialen Lujanbio dut gustuko. Eta bi emakume horiek lehen lerroan ikustea normala da gaur egun, baina lehen ez. Bi artista horien gisako emakumeek ahalbidetu dute emakumeak kulturaren lehen lerroan jartzea eta beste hainbat emakume urratsa egitera animatzea".

Amagar: "Kantuan aritzeagatik, ez geunden gaizki ikusita"

Taldekideak: Amaia Garmendia eta Garbiñe Odriozola.

Instrumentuak: Gitarra eta ahotsa.

1970eko hamarkadaren erdian hasita, herriz herri ibili ziren emanaldiak eskaintzen Amaia Garmendia (Azpeitia, 1953) eta Garbiñe Odriozola (Azpeitia, 1955). Izatez ez ziren kuadrillakoak, kaletik ezagutzen zuten elkar biek, baina gitarra jotzea eta kantatzea zuten gustuko, eta afizio horrek elkartu zuen Amagar bikotea. Garmendiaren esanetan, garai hartan, "musikaren mundua, batez ere, gizonen arloa zen", baina emakumeak izanagatik, plazetan entzuleen "harrera ona" izan zutela gaineratu du. "Batean eta bestean kantuan aritzeagatik ez geunden gaizki ikusita. Gu bezala ibiltzen ziren Bermeoko Lupe [Ana Lupe Fernandez], Lurdes Iriondo, Estitxu [Estibaliz Robles]... Zentsurarekin arazo gehiago izaten genituen!", dio Garmendiak.

Garaiko euskal abeslari ezagunen kantak ez ezik, beraiek sortutakoak ere abesten zituztela azaldu du Odriozolak: "Ez Dok Amairu mugimenduko abeslariak genituen erreferentzia, Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi... Eta geuk idazten genituen letretan bizitzako gorabeherak islatzen genituen: politika, euskara, maitasun kontuak, animaliak... Amaiak bigarren ahotsa egiten zuen, eta nik lehenengoa".

Batean eta bestean kantatzeagatik dirurik ez zutela irabazten dio Garmendiak: "Bazkariaren edo afariaren truke aritzen ginen, eta gasolina ordaintzen baziguten, gustura". Han eta hemen kantuan pasatu zituzten urte haietako pasadizoak hamaika dituzte. Garmendiaren esanetan, Markinako dantzaleku batean abestu ondoren, etxera nola itzuli ez zekitela, zabalik aurkitu zuten karrrera bateko eskaileretan lo egin zuten behin. "Goizeko autobusean, gitarrak soinean, eguna argituta Azpeitira iritsi ginenean, Garbiñeren aita gurutzatu genuen". Odriozolak dio "sarritan" goizeko ordu txikietan etxeratzen zirela, eta "askotan" gurutzatu zirela aitarekin, hura "ehizera joan zalea" zen eta: "Amaiaren aitak Azpeitiko neskabanderak deitzen zigun".

Garai hartan ohikoa zen legez, ordea, ezkontzera zihoazen emakume gehienek lana uzten zuten, familiara dedikatzeko. Garmendiak adierazi duenez, "Amagar bikotearen ibilbidea bukatu izanak zerikusi zuzena du Garbiñe ezkontzearekin". Odriozolaren esanetan, Debara ezkondu eta ama izan zenez, "entseguekin-eta jarraitzeko zailtasunak genituen. Hozten joan zen kontua".

Unai Irukoa: "Gizonak bagina, errazago jarraitu ahal izango genuen"

Taldekideak: Arantxa Frantzesena, Mari Karmen Otaegi eta Maria Jesus Arregi.

Instrumentuak: ahotsa.

Musikaren munduan emakume askorik ibiltzen ez zen garaian, kanturako afizioak batu zuen hirukotea. Antxieta taldean abesten zuten, eta entseguen ostean, askotan gitarra hartu eta kantuan aritzen ziren. "Gu beti kantuan", diote. Jose Mari Altuna zuzendariak hirukote bat osatzera animatu zituen, eta halaxe egin zuten: Mari Karmen Otaegi (Azpeitia, 1946) izango zen aurreneko ahotsa, Arantxa Frantzesena (Azpeitia, 1947) bigarrena eta Maria Jesus Arregi (Azpeitia, 1945) hirugarrena. 1966-1967 ingurua izango zen orduan.

Pixkanaka, indarra hartuz joan zen taldea: dantzalekuetan abesten hasi ziren, Gau Txorin zein Bergarako Ariznoan; jaialdietan ere bai, herri txikietako festetan... Edozein lekutara animatzen ziren. "Orduan, euskaraz kantatzea puri-purian zegoen, eta joaten ginen tokira joaten ginela, bete egiten genuen aretoa", azaldu du Otaegik. "Madrilgo egunkari batean irten ginen, Television Españolan ere bai..." oroitu dute, harro. "Mundial pasatzen genuen".

Atzerrian bakarrik ez, mutilen artean ere bazuten arrakastarik. "Mutilak-eta atzetik izaten genituen", gogoratu dute barrez. "Fraide batek gutun bat ere bidali zigun Afrikatik; gurekin maiteminduta zegoen", erantsi du Otaegik. Arregik gogoan du mutil-laguna nola joaten zen kantura joaten zen leku guztietara berarekin. "Nobioak-eta beti etortzen ziren gurekin sala de fiestasetara. Ea norekin egiten genuen dantzan edo, en fin... Pixka bat kontrolatzen gintuzten".

Gizonak nagusi ziren munduan, oztoporik ez zutela aurkitu diote. "Keba. Guk ez genuen sumatu, behintzat". Herritarren aldetik ere, trabarik ez. "Denak zoratzen egoten ziren gu entzuteko. 'Noiz kantatu behar duzue?', galdetzen ziguten".

Bestelako trabarik topatu zuten bidean, ordea: zentsurarena. Guztira, bost disko kaleratu zituzten, eta horietako bat zentsuratu egin zieten. "Ez zuen beste munduko ezer esaten, baina, euskaraz zen eta... Horiek ziren trabak, mutilen kontuak baino gehiago", adierazi du Frantzesenak.

Oroitzapen oso politak gorde dituzte, baina gogoan dute lotsa pasatu ere egiten zutela. Frantzesenak eskuak izerditan izaten zituela dio, eta gitarra defentsa handia zela berarentzat. Otaegik eskuekin zer egin ez zuela jakiten azaldu du. "Soberan izaten nituen. Oso urduri jartzen nintzen, eta, abestea amaitzean, negar saioa egiten nuen". Arregik, berriz, bera lasai egoten zela azaldu du. Hori bai, behin oholtza zapalduta, hirurek nabarmendu dute "hazi" egiten zirela.

Joan-etorriak izan ziren taldean, eta, azkenean, 1973 inguruan amaitu zuten ibilbidea, 25-26 urte inguru zituztela. Zergatik? "Ezkondu, umeak...", azaldu du Arregik. Otaegik dio beragatik izan balitz jarraituko zuketela. "Niri etxean esan izan balidate lagunduko zidatela, umeekin ez kezkatzeko eta segitzeko, gustura segituko nuen, baina...", adierazi du Frantzesenak. "Baina ez zen gertatu hori", erantsi du Otaegik. "Momentu hartan planteatu ere ez genuen egiten. Bi ume nituen, eta nire betebeharra haiek zaintzea zen. Ni pozik nago egin dudanarekin, baina gaurko egunean gizonari esan egingo niokeen umeak bionak direla eta haiez bera ere arduratzeko, abesten segitu ahal izateko". Ondorio bat atera dute: "Gizonak izan bagina, seguru errazago jarraitu ahal izango genuela; hori zalantzarik gabe".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide