Nerea Berasategi: "Uste nuena baino errazago ohitu naiz zentroko bizimodura"

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 12a, 13:38

Nerea Berasategi triatleta. (Nerea Berasategi)

Kirolean jarriak ditu une honetan indar guztiak Nerea Berasategik (Azpeitia, 2001). Valladolideko goi errendimendu zentro batean onartu dute, eta Europako Triatloiko Kopako finala jokatu berri du.

Europako Triatloiko Kopako finala jokatu duzu asteburuan, Melillan (Espainia). Zer moduz joan da?
Ez dago klasifikatu beharrik proba horretan parte hartzeko, aurretik nituen lorpenengatik izan nuen hara joateko aukera. Disfrutatzera joan nintzen, ze ez nuen askorik entrenatu. Oso ondo egin nuen igeri; bigarren taldean irten nintzen, eta bizikletan bigarren taldean jarraitu nuen, baina korrika hasi nintzenean, zorabiatu eta konorterik gabe gelditu nintzen. Ez dakite oraindik zer gertatu zitzaidan. Momentuan, ospitalera eraman ninduten, eta, agian, gehiegizko esfortzuagatik izan zitekeela esan zidaten… Asko entrenatu gabe joan nintzen, eta une horretan eman nezakeena baino gehiago eman nuen. Aurten, beste behin ere gertatu zait.

Zer moduz zaude? Ondo errekuperatu zara?
Bai, bai, ondo nago. Ja normal ari naiz entrenatzen.

Junior mailan lehiatu zinen, ezta?
Bai, baina berez kadetea naiz. Ni nintzen lasterketako gazteena. 750 metro igerian, hogei kilometro bizikletan eta beste bost korrika egin behar nituen.

Irailaz geroztik, Valladolideko Rio Esgueva Kirol Teknifikazio Zentroan (Espainia) zaude, beka bati esker. Nolatan joan zara horra?
Valladolideko zentroko entrenatzailea nire aitarengana joan zen ea hona etortzea gustatuko litzaidakeen galdetzera. Pixka bat ezagutzen ninduen, eta nituen lorpenekin zentro honetan sartzeko aukera nuela esan zion. Eskaera egitea erabaki genuen, eta onartu egin ninduten.

Erraz hartu al zenuen erabakia?
Hasieran, ezetz esaten nuen, lagun denak-eta Azpeitian baititut. Baina, gero, pentsatu nuen sekulako aukera zela, eta ezetz esanez gero, agian, damutu egingo nintzela. Egia esan, ez naiz damutzen baietz esan izanaz.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide