Hausturatxo soziala

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2017ko aza. 9a, 17:56

Badira gai minbera batzuk elkarrekin ozpintzeraino garamatzatenak. Bat haserretu zitzaidan behin IruñaVeleia asuntoagatik; beste batekin gehitxo berotzen naiz beti homeopatia aitatzen dugun bakoitzean; eta, oraindik orain, txapelketako bertsoei buruz hitzegiteari utzi egin behar izan diogu bi lagunek elkarrekin takartzen ari ginelako.

Txapelketan puntuak irabazteko botatzen diren bertso horiekin, kasik esango nuke hausturatxo soziala dagoela gure artean; ezin dugu elkar ulertu: ikaragarri desberdin ulertzen edo hartzen ditugu zorioneko bertso-funtziyo horiek. Adibidetxo bat, oso nabarmena: atzo-zortzi Irungo txapelketako saioan oraindainoko bertsolari puntutsuenak botatako kartzelako bertsoak "antologikoak" izan omen ziren eta inoizko onenak dira batzuentzat, eta nere moduko askorentzat ia kontra-kontrakoa dira; bai: inoizko eskasenetakoak, eta pretentsio gehiegiak izugarri itsustuak. (Oharra, aurrera baino lehen: hola jarduteak hausturatxo pertsonala dakarkit; asko estimatzen dudan pertsona batek egindakoaz ez nuke hola hitzegin nahi, baina egia esatea ere asko estimatzen dut.)

Haustura edo etena nabarmena da oso: batzuek liluratu egin dituzte bertso horiek beren osoan, eta beste batzuk aurreneko bertsoa bukatzerako asperturik gaude. Neri bertso horiek ez zaizkit sartzen, besterik gabe, baina beste askotxori atzerakada garbia eta trixtura ematen diete, eta sufrikario bihurtzen dira ia. Nere ezagunen artean bertso horiek maite dituen bakarrak esaten dit guk ez dugula ulertzen gaurko bertsolaritza, eta aitatutako bertso horietan bertsolariak egiten duena dela zeoze "performatibizatu" eta "esanahi bat transmititu", eta horretan ondo ari da: ez ditugu gauza horiek ulertzen eta ez gara iristen. Dena dela, beste alderdiko lagun bizkaitar batek idatzi dit esanez bertso-performari hauek egiten dutena dela "asto joan eta mando etorri"; hau da: estereotipo batzuetatik ihesi, beste estereotipo haundiagoetan amildu, eta, bidez batez, hizkuntza betiko "pirritxporrotxtuten" digutela. Bestela esanda, eta Xenpelarren hitzez esanda, "eskola ona" erakusten duenak irabazten duela hemen; eskola edo jarrera on-eguneratuenari neurriak eta oinak jartzen dizkionak eramaten dituela puntuak txapelketan, eta eraman izan dituela beti; garai batean "relijiyua", gero "eusko gudariak" eta orain "transgorputzak" gehiena eta ondoena goresten dituen huraxe txapeldungai sendoena: idealizazio aingerutarrak beti ere, garaian garaikoak. Eta komunio performatzaile hori zoragarria iruditzen zaigu, baina ez da guretzat egiten dena; horretarako, nolabait esanda, itzalik gabeko eguzki betea maitatu behar da gauza guztien gainetik, eta guretzat ezinezko maitasun bat da hori.

Artikulua osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide