Hego Euskal Herriko erakundeek eta herri eragileek bat egin dute 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia, euskal hiztunak "aktibatzeko" egitasmoa, herriz herri bultzatzeko eta antolatzeko. Azpeitian, joan den astean elkartu zen Euskara Mahaian ere hizpideetako bat izan zuten Euskaraldiaren antolaketa; 2018ko udal aurrekontuen irizpide nagusiekin batera, Euskaraldia Azpeitian nola landu aztertzen hasi ziren mahaian parte hartzen duten Udala eta euskalgintzako eragileak.
Euskaraldia "Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren barruan" kokatzen dela azaldu du Udalak, eta bi mugarri izango dituela: "Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz egitasmoaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua".
16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte: "Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira; baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak".
Herriek eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera, eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Auzo, herri zein eskualde ezberdinetako euskaltzale taldeak arituko dira egitasmoa antolatzen, hainbat elkarte, enpresa zein erakunderekin batera.