Milioi eta erdi! Bi milioi bai?

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko urt. 11a, 14:33

Iazko maiatzaren 28an zezen txiki bat ibili zen Loiola aldean paseoan; irudimen handiko mozorroak ikusi ahal izan ziren Astelehen Karnabalean; zoritxarreko lan istripuak izan dira gurean, baita bestelako ezbeharrak ere; Korrikaren 20. edizioa herritik igaro zen apirilaren 5eko goizaldean; Mikel Larrañagaren eta Txikonen arteko apustuak hautsak harrotu zituen; hotz eginagatik, danbor hotsek ez zuten hutsik egin sansebastianetan; eta, urte bukaeran albiste lazgarria iritsi zen La Mongietik.

Zerrenda amaigabea osa genezake 2017. urtearen errepasoa egiten hasita, baina aipatutako horiek izan ziren zuok, irakurleok, gehien klikatu zenituzten albisteak. Dena den, ez dira oharkabean pasatu beste dozenaka berri ere; eta atal irakurrienen artean izan dira aurten ere Eskelak eta Pourra. Honako datu hau ez da iazko urtearen errepasorako puntuagarria, baina dagoeneko –azken lauzpabost egunetan– ehunka entzunaldi izan dituzte danborradako abestiek. Zer garen ba azpeitiarrak! Zer zareten ba...

Eta urtea bukatzean, betiko ariketa: StatCounter-i eta Google Analytics-i errepasoa. 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra zenbat bisita? Zenbat orri ireki dira? Onak al dira datuak? Beste hedabideek zer nolako zifrak izan dituzte? Ba aurten (ere) pozik nago ni; izan ere, Uztarriak 1.5 milioi bisita izan ditu 365 egunetan.

Ehunka albiste argitaratu ditu herri hedabideak webgunean, eta herritarrek horiek irakurri egin dituzte. "Irakurri egin dituzte" diot, batzuetan, estatistikei begiratu gabe, pentsatu izan dudalako halako edo bestelako albiste irakurtzen ote duen jendeak; batzuetan, pentsatu izan dut elkarrizketa bat asko irakurriko dela, eta datuei begiratuta konturatu izan naiz niretzat interesgarria zena herritarrei ez zaiela interesatzen; eta beste batzuetan ikusi dut albiste izatera iristen ez den bitxikeria edo Azpeitian esango genukeen moduan "txorakei" batek milaka ikustaldi izan dituela.

Eta hor gabiltza zer bilatuko, zer idatziko, zer egingo, jira eta buelta, ahaleginean, herritarrengana iristeko lanean. Eta irakurleon erantzuna ikusita, harrokeriarik gabe baina harro sentitzeko moduan garelakoan nago. Harro, egunero-egunero egiten dituzuen ekarpenengatik; harro, Uztarria zuon eta azpeitiar guztion ataria eta bozgorailua delako; harro, kexak adina lore entzuten ditugulako egunero; harro, MILIOI ETA ERDI bisita egin dituzuelako. Eskerrak, beraz, zuri, irakurle, iritzi edo berriemale.

Iaz egin zituen Uztarria.eus-ek 15 urte –2002an sortu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak–, eta urtez urte, hazi eta hazi ari da eduki nahiz irakurle kopuruei dagokienez. Eta pozik nago, eta ezin dut ezkutatu "emoziyo" hori. Ea 2018an bi milioi bisitako langa pasatzen dugun/duzuen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide