Sansebastianak 2018

San Sebastian jaien balorazio "positiboa" egin du Udalak

Uztarria.eus 2018ko urt. 22a, 18:48

Mikel Ibarzabal Festa batzordeburua "gustura" agertu da festek izan duten erantzunarekin. "Egun ederrak izan dira. Tarteka xiri-miria egin badu ere, eguraldia ez da traba izan festak bere horretan jarraitzeko. Eta herritarrek nahiz bisitariek danborradaz gozatzeko aukera paregabea izan dute".

Festa ondorengo ajeak aje, sansebastianen balorazioa egin du Udalak. Mikel Ibarzabal Festa batzordeburua "gustura" agertu da festek izan duten erantzunarekin. "Egun ederrak izan dira. Tarteka xiri-miria egin badu ere, eguraldia ez da traba izan festak bere horretan jarraitzeko. Eta herritarrek nahiz bisitariek danborradaz gozatzeko aukera paregabea izan dute".

San Sebastian bezperako danborradan 1.500 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Gauerdia baino zertxobait lehenago bertsoa kantatu zuen Oihana Labianok udaletxetik. "00:00etarako minutu batzuk falta zirela, bertsoa kantatu zuen Labianok sorpresan". Ibarzabalen aburuz, une "oso polita" izan zen, eta Festa batzordeburuak bertsolariaren prestutasuna eskertu du.

San Sebastian egunean, eguerdi partean, 600 bat haur atera ziren herria danbor hotsez alaitzera. Eguraldia tarteko, plazan ohi baino pieza gutxiago jo zituzten danbor taldeetako umeek. Dena den, danborrada egin ahal izan zuten, eta giro ederra izan zen Alde Zaharrean. Nekane Azpiazuk egin zuen haurren danborradako karroza; hain zuzen ere, sokamuturraren 500. urtemuga izan zen karrozarako gaia. Udalak azaldu duenez, "ederra" da karroza eta "jendeari gustatu zitzaion".
 
Zapatuan ohi baino talde gehiagok parte hartu zuten banderaren jaitsierako danborradan. Urtero sei talde ateratzen dira txandaka banderaren jaitsieran, eta aurten, zapatua zenez, beste sei talde ere animatu ziren irtetera. "Zapatua izanda, jendeak ez zuen etxera joateko presarik, eta danborra jotzen eta ikusten jende ugari izan zen kalean", azaldu du Ibarzabalek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide