Goranzko joerarekin, 2017a urte bikaina izan da Kooperatibarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko urt. 26a, 11:32

Azpeitian kultur jarduerak hazten eta janzten jarraitzen du. Batez ere, Kulturaz kooperatibak programatzaile huts izatetik, sustatzaile papera hartu duelako. 2017an landu ditugun proiektuei esker, programazio eta ikus-etzule kopuruak gora egin dute; 194 ekitaldi eta 44.000 ikus-entzule izan ditugu.

Kulturaz kooperatibak kultura sustatzen jarraitzen du eta 2017an lortutako emaitzek bide onean doala erakusten dute. Proiektuak eta programazioa uztartzea izan da azken urteetan hartutako norabidea, eta 2017an hamarretik gora proiektu egin ditugu. Transmisioa, sorkuntza eta ikusgarritasuna helburu duten proiektuak. Oro har, sortzaileak eta zaleak protagonista dituzten proiektuak izan dira eta horrek ahalbidetu du proiektuetatik sortutako ekitaldiak programazioan txertatzea, eta beraz, ekitaldi kopurua handitzea. Eta baita ere ahalbidetu du, sortzaileak eta zaleak batzean, ikus-entzule kopurua handitzea. Kooperatibak, ereduari eutsiz, urtetik urtera gora doan datua lortu du, beste behin.



Proiektuak

Kooperatiba kultur fabrika da. Kultura modu integralean ulertu eta lantzen duen enpresa bat. Proiektuak ari gara gure jardunaren erdian jartzen eta hortik abiatuz gainontzeko guztia elikatzeko asmoa dugu. 2017an egin ditugu, adibidez: Oholtzaberri euskarazko antzerkia auspotzeko proiektua proiektu eszenikoren sormen egonaldi osoa eta beste proiekturen egonaldi laburrak egiteaz gain, eragile desberdinekin mediazioak eta antzerki progamazioaren eskaintza oparoa osatu genuen; musikari berriei zuzendutako Arkupehotsak; bertako trikitiaren ondarea balioan jarri, gorde eta trasmititu asmoz dinamika polita artikulatu genuenTrikigiro Elkartearekin elkarlanean; nola ez, Kultur bonoak beste behin agortu egin zitzaizkigun; AnnapurnaII_86 dokumentala berreskuratu genuen eta proiektua borobilduko duen dokumental berria egiten ari gara; kultur jarduna barrutik eta zuzeneko ekitaldien nondik norakoak ezagutzeko ikasleei zuzenduriko Zuzenekoak On!...

Elkarlanaren ondorioz, ekonomikoki lasaiago

Iazko urtean 375.754€ erabili ditu Kooperatibak kultur jarduerarako: %81a ekitaldi eta proiektuen kostu zuzenetara bideratu dira (ekitaldi egileak, produkzioa, zerbitzu teknikoak..) eta %19a egitura gastuetara (errentak, mantenua, hornidurak...). Elkarlanari esker lortutako datuak dira, inondik inora. Eragileekin batera eta haiei esker ere antolatuz lortutakoak, hala nola, Azpeitiko Udala (Egutegi Bateratu hitzarmena kasu), herriko nahiz bestelako eragileak, kultur taldeak... Eta aipatu behar dugu ere, iaz Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde publikoetatik eta enpresa pribatuetatik jasotako babesek ere guztia modu erosoagoan lantzeko aukera eman digutela.

Euskal sorkuntza helburu

Batez ere, euskaraz egiten den kultur jarduna sustatu dugu, bertako sormenari lekua eginez. 194 ekitaldi horietatik %93,8a Euskal Herriko sortzaileenak izan dira eta %90,2ak euskaraz izan da. Sanagustin kulturgunea eta Soreasu Antzokia azpiegiturek ematen duten aukera probestuz, programazio anitza antolatzeko aukera izan genuen. Kultur diziplina guztiei leku egiten saiatu gara, beste behin.



2018rako asmoak

Aurtengorako erronka nagusia iazko jarduerari eustea izango da. Ereduari eutsiz programazioa eta proiektuak uztartuko ditugu. Proiektuak lantzen gabiltza orain eta jauzi nabarmena egingo dugu arlo horretan indar gehiago bideratuz. Sorkuntza eta transmisioa izango dute ardatz urte honetako proiektuek. Ikusgarritasunari garrantzia emango diogu eta emaitzak jendartera atera. Lehen seihilabeteko programazioa osatzen ere ari gara. Wim Mertens eta Kirmen Uriberen kontzertu berezia dugu; Aurora & The Betrayers, Vocal Sampling, Izaro, Atom Rhumba, La M.O.D.A... Batez ere, kontzertuak iragarri ditugu momentuz; gehiago ere baditugu. Arte eszenikoei dagokienez datozen egunotan argitaratuko ditugu lotutakoak. Oparoa dator edukiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide