Izar Arregi: "Modu kolektiboan eragitea beharrezkoa da"

Uztarria.eus 2018ko ots. 1a, 17:02

Izar Arregi psikologoa, Azkoitian duen kontsultan. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)

Uztarriaren urtarrileko aldizkarian, 201. zenbakian, Ainitze Agirrezabala kazetariak Izar Arregi psikologoa elkarrizketatu du. Bullyinga zer den eta nola detektatu daitekeen azaldu du Arregik, eta jazarpenari aurre egiteko aholkuak eta giltzarriak eman ditu, besteak beste. Aurrerantzean, Uztarria aldizkarian argitaratzen diren elkarrizketak eta erreportajeak webgunean ere eskainiko dira.  

Jazarpenaren gaia lantzen urteak daramatza Izar Arregik bere kontsultan zein herriko ikastetxeekin eta eragileekin elkarlanean. Bullyingari aurre hartzeko umeen adimen emozionala lantzea "beharrezkoa" dela adierazi du.        

Zer da bullyinga?

Ikasleen artean behin eta berriz eta denbora jakin batean ematen den edozer eratako tratu txar fisikoa, psikologikoa edo ahozkoa. Bullyinga dela esateko ezaugarri jakin batzuk eman behar dira; esaterako, taldearen babesa duen ikasle bat bera baino botere gutxiago duen ikaslearekin sar-tzen denean, eta jazarpen hori luzaroan mantentzen denean ikusleak ez direlako ohartzen edo ez dutelako salatzen. Biktimak jaso-tzen dituen erasoak, berriz, burlak, isolamendua, borrokak, azpi jokoak... izan daitezke.

Nola detektatu daiteke semea edo alaba bullyinga sufritzen ari dela?

Haurraren edo gaztearen adinaren eta izaeraren arabera, sintoma bat edo beste antzemango dugu. Txikiak direnean, 12 urte ingurura arte, errazago azaleratzen dute. Nerabeak direnean, berriz, gurasoekin duten konfiantzaren eta familiako egoeraren arabera, gehiago ezkutatzen dute. Ba-tzuetan, gurasoekin konfiantza izan arren, familia egoera zaila igarotzen ari bada –adibidez, banaketa prozesu bat, krisi ekonomikoa edo familiako norbaiten gaixotasuna–, gazteak ez du nahi lagunarteko arazoekin egoera gehiago okertzea edo pena ematea, eta ahal duen neurrian ezkutatu egiten du.

Alabaina, denborarekin horiek ere azaleratuko dituzte zenbait sintoma, ezta?

Bai, hala da. Lehenik, haserre, urduri edo triste sumatuko ditugu, eguneroko ekintzetan parte har-tzeko gogorik gabe. Gero, gauean lo hartu ezinda hasten dira, eta jateko ere gogo gutxi izaten dute. Arazoa larriagoa denean, berriz, ez dute joan nahi izaten eskolara. Bestelako sintomak ere izaten dituzte: ohean pixa egiten hasten dira, azaleko urtikaria, ordenagailuko jokoen mendekotasuna, anai-arreba txikiagoekin jarrera desegokiak, amets gaiztoak, an-tsietatea... Isolamendua eta tratu txarra luze doanean, ordea, depresioa jasan dezakete. Egoera larri horietan sufrimenduari ihes egiteko fantasian murgil daitezke eta lagun imaginarioak sortzen dituzte. Beste batzuetan, minik ez sentitzeko bide bakarra bizitzarekin amaitzea dela pentsatzen hasten dira.

Teknologia berrien eta sare sozialen erabilerak zer lotura du bullyingarekin?

Gaur egun, 12 urtetik gorakoen artean ematen diren lagunarteko liskarretan eta bullying kasuetan WhatsApp, eta, oro har, Internet bidezko irainak dira hizpide. Eta horrek zaildu egiten du bullying egoera detektatzea, sarritan mezuak anonimoak direlako. Gainera, iraina mezu bidez jasoz gero, ahoz ez bezala, 120 aldiz irakur dezakezu eta horrek are eta min handiagoa sortzen du.     

Zuk esana da haurretan ohikoa dela lagunartean arazorik izan gabe ere hainbat beldur izatea – banaketarena, konplexuak–, eta horiek umearen jarreran eragitea. Zentzu horretan, arrisku-tsua al da bullyinga ez dena bullying gisa hartzea?

Bai, garapen ebolutiboaren parte da haurra errealitatearen gordintasunaz ohartzean beldurrak eta segurtasun ezak areagotzea. Sarri, 10 urte ingururekin, ezin izaten dute bakarrik lo egin, ohean pixa egiten hasten dira edo gurasoekin egoteko nahia izaten dute. Normalean, horiek haur azkarrak eta sentikorrak izaten dira. Izan ere, nahiz eta lagunarteko arazo berezirik ez izan eta familian giro ona izan, kezkak eta urduritasunak gain hartzen diete. Bolada bat da, eta ez du zerikusirik lagunarteko tira-birekin.

Halakoetan gerta al daiteke gurasoek biktima bezala hartzea umea?

Gurasoek seme-alabengan sinetsi behar dute, eta jabetu behar dute aipatutako jarrera horiek indar eta sentikortasun handiak dituztelako gertatzen zaizkiela, eta ez ahulak direlako. Gure seme-alaben egoera edo gertaera batek pena eman edo kezka sor dakiguke, baina ez semeak edo alabak. Seme-alabek ikusten badute gurasoei pena ematen dietela, beraien autokontzeptua eta autoestimua asko jaisten zaizkie. Horregatik da garrantzi-tsua seme-alabekin enpatia eta motibazioa lantzea. Seme-alabak gai dira beldurrari, lagunarteko liskarrei, azterketetako presioari... aurre egiteko, eta guk hori gainditzen lagunduko diegu.

Kontrakoa ere gertatzen da, ezta? Alegia, ume kontuak direla pentsatu eta gurasoek jazarpena ez ikustea.

Bi muturreko egoerak saihestea komeni da; dramatizatzea eta minimizatzea eragotzi, alegia. Zenbait gurasok beraien lagunarteko bizipen mingarriekin konektatzen du, eta seme-alaben ohiko tira-birak benetako bullying egoera direla pentsatu eta transmititu dezake. Horren aurrean ematen diren erantzunak beldurretik eta jarrera defentsiboetatik datoz, eta egoera okertu daiteke. Benetako arazoak minimizatzen dituzten gurasoei dagokienez, nahikoa lan izaten dute beren bikote kontuekin, osasun egoerekin edo lan arazoekin, eta ez dute ikusten seme-alabek lagunarteko arazoak dituztela. Bestalde, gurasoek seme-alabengan itxaropen eta aurreiritzi handiak izan ditzazkete, eta ez dute ikusten balitekeela haurrak bolada txarra pasatzea edo laguntza behar izatea. Baikorrak izatea ondo dago, baina kasu horietan gurasoek errealitateaz jabetzeko ezina izan dezakete, eta gaztearen lagunarteko tira-birei garaiz ez heltzeak arazoa korapila dezake.

Bullyingaren biktimak zer-nolako laguntza behar du?

Lehen pausoa prebentzioa da. Semeak edo alabak lagunarteko arazoak dituenean, entzun eta ulertu egingo dugu, eta sentitzen duena sentitzen duela, zilegi eta normala dela esango diogu. Amorrua, negargura, ezintasuna, segurtasun eza, mendekatzeko gogoa, beldurra... gisako sentipen negatiboak izatea ez da txarra. Horiek kudeatzea deserosoa eta zaila da, baina berezko sentipenak dira, nahiz eta horiek estaltzeko joera izan. Adibidez, oso ohikoa den egoera bat da alaba meriendara ez dutelako gonbidatu negarrez etortzea. Ez dugu ikertuko nork ez duen gonbidatu edo nork ez duen babestu. Alaba besarkatu eta bere amorrua eta negargura jasoko ditugu, eta lasaitu ondoren azalduko diogu denborarekin gauzak bere tokian jarriko direla. Adin txikikoak badira, ideia desberdinak emango dizkiegu: "Bihar lagunei minduta zaudela esan diezaiekezu" edo "zure askarira ez dituzula gonbidatuko erabaki dezakezu". Nerabea bada, sentipena entzutea eta beregan sinesten dugula adieraztea nahikoa izaten da. Horrez gain, hurrengo egunetan gaztearen sentipenen jarraipena egingo dugu: bermatuko dugu jateko gogoz eta hiztun datorrela eskolatik, esaterako.

Jada bullying egoera ematen bada, zer egin behar da?

Orduan, zuzenean parte hartuko dugu. Arazoa mahai gainera atera behar da. Jazarpena egoki diagnostikatu eta egoera bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak detektatuko ditugu. Eskolara joango gara tutorearekin hitz egitera, eta kasu larria bada, lana sarean egin behar da; Gizarte Saila, familia esku-hartzeko hezitzailea, ludotekako begiralea, entrena-tzailea eta eskolako irakaslea, guztiak elkarlanean. Horrez gain, gurasoei aholkuak ematea eta gaztea trebatzea ezinbestekoak dira. Guztiok norabide berean eta bakoitzak bere esparrutik lana kontuz eginez soilik moztuko da jazarpena. Izan ere, bullying kasubaten aurrean ez gara entzule eta ikusle soilak, eta egoera kudea-tzea ez dugu gaztearen gaitasunen gain soilik utziko.

Subjektu guztien elkarlanari esker tratu txarrekin bukatzea lortu ondoren, zer pauso eman behar dira?

Behin tratu txarra mozten denean, gaztearekin autokontzeptua lantzea komeni da. Tratu txarren ondorio larriena hori da, hain zuzen ere, nerabeak bere buruaz uste duena zaurituta geratzen dela. "Nik ez dut lagunak izateko balio" edo "nik beti zorte txarra dut" gisako ideiak baditu gazteak, joaten den tokira beldurtuta, oso lotsatuta, oso harro edo gezurrak esanez joango da, eta jarrera defentsibo horrek berriro ere bullying egoerak sortzeko arriskura eraman dezake. Beraz, tratu txarrak jaso dituzten pertsonekin ideia positiboak landu behar dira: "Nire laguna izatea ederra da", "jada ikasi dut egoera horiek aztertzen eta gai naiz egoki erantzuteko"... Azken helburua da bullying egoera batetik pertsona izaera aldaketik indartuta atera-tzea, eta gaitasun sozialetan eta inteligentzia emozionalean gaituago izatera iristea.
Azken helburuak dira ikasgelan enpatia soziala sortzea eta talde giro egokia bultzatzea. Familiari dagokionez, berriz, xedea da balore egokiak barneratzea eta nukleo horretako partaide izatearen sentipena sustatzea. Beraz, bullying egoera bat arrakastaz gaindituz gero, denok gara irabazle.

Psikologoarengana jo ohi duena biktima da; baina jazarlearen kasuan, zer lanketa egitea komeni da?
Elkarrizketaren hasieran esan bezala, bullying egoera mantentzen duena da ikusleen isiltasuna edo haiek erasotzaileari ematen dioten babesa. Azken ikerketen arabera, ikuslea inteligentzia emozional handikoa eta enpatia duena bada, erasoa ikustean triste edo errudun sentitzen da, baina ez du indarrik ezer egiteko. Itxura denez, taldeko prozesu psikologikoak indar handiagoa du norbanakoaren baloreek eta indarrak baino, eta isildu egiten dira. Badirudi ikasle horien autokontzeptua ere zapuztu egiten dela, eta halakoak pentsatzera irits daitezke: "Uste nuen ausarta eta jatorra nintzela, baina berari burla egin diote eta ni isilik geratu naiz. Beraz nik uste nuena baino ahulagoa naiz". Bestetik, badira axola ez zaien ikusle batzuk ere. Horiek inteligentzia emozional txikia dute, eta etorkizunean beraiek izan ditzakete jarrera erasotzaileak.

Beraz, bullying egoera bat guztion artean mozten eta lantzen badugu, gizarte osoa izango da irabazle. Zentzu horretan, gizarteko baloreak dira landu behar ditugunak, eta indibidualismotik taldera, elkartasunerantz eta bizikidetza helduago, zibilizatuago eta zoriontsuago baterantz egin behar ditugu urratsak. Horregatik guztiagatik, denok dugu zeresana eta norbanako zein eragile eta erakunde guztien –udala, Gizarte Saila, aisialdiko taldea, ikastetxeak eta familia– ardura da elkarbizitza hobe baten alde borrokatzea. Modu kolektiboan eragitea beharrezkoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide