Ogiye ta periodikue

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko ots. 8a, 15:27

Gaur, otsailak 8, Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Tituluan idatzita dagoen bezalaxe gelditu zait josia betiko. Eguneroko ogia eta eguneroko egia. Biak leku berean erosteak gehiago batzen ditu bi eguneroko horiek.

Urteetan gure gorputz-arimetako alimentuak horiek izan direla pentsatu eta ez naiz batere harritzen ikusirik zenbateraino garen itsusitu eta lerdotu. Jaten dugun hura omen gara; ahotik bezalaxe begi-belarrietatik jandako hura izango gara.

Behin idatzi nuen ogia zela jendea tontotzeko aurrenetako inbentua, eta anorexia, berriz, funtsean, bere umearen ahoa ogiz ixildu nahi lukeen amaren kontrako kasketa kosmikoa. Gehitxo esatea izango zen seguru asko, baina gehiena jaten den ogi zuri industrialari buruz duda gutxi dago: gari txarra batetik (ez zeliako ofizialentzat bakarrik), legamia txarragoak, ahal den irin apurrenarekin ahal den ogi gehiena ateratzeko eran, eta emaitza moduan alimentu eskas bat, baina jan-erraza, asko jateko diseinatua eta egun batetik bestera alferrik galtzen dena. Azkar eta gaizki egindako ogi horrek hesteetako flora izenekoari egiten omen dio kalterik haundiena, eta tripa hazi eta puztu egiten omen du, eta beharbada hortik dator ogi zuri industrialak jendea geldotzeko eta tontotzeko duen bertutea; hau da: hesteetako neuronei egiten dien kaltetik, orain "bigarren burmuina" deitzen dioten horretan egiten duen hondamenditik. Odolean pilarazten duen glukosa, azukre edo gozoari dagokionez, berriz, ez omen dauka txarrean kokakolaren inbiririk. Motxean esanda: ogi zuri industrial egunerokoa da alimentu txarra, erraz alferrik galtzen dena, puztutzen eta haixeatzen gaituena, baina erraz eta asko jateko pentsatua eta adiktiboki barrugozatuz tontotzen eta geldotzen gaituena.

Jarraitu artikulua irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide