Jendea kalera irteten ari da pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea aldarrikatzera

(Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma) 2018ko ots. 21a, 11:44

Pentsioen erreformen harira, honako iritzi artikulua igorri dute Gipuzkoako Duintasuna Elkarteak, Bizkaiko eta Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Arabako Pentsionistak Lanean taldeek:

Hainbat eta hainbat urtetan pentsiodunen aldarrikapenen alde, kalera irteten ari garen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Pentsiodunen Plataformatik agur beroa eskaini nahi diegu borroka horretara azkenaldian elkartu diren milaka pertsonei.

Duela astelehen batzutatik pentsiodunek egiten ari diren mobilizazioek argi uzten dute pentsioek jasandako erreformei emanten zaien erantzuna direla. PSOE eta PPpren gobernuek ezarritakoak, hain zuzen ere. Haserrea nabaria da, kontuan hartzen badugu 2011tik hona, etengabe, pentsioen erosmen-ahalmena galtzen ari dela eta etorkizunari begira %0,25eko igoera iragartzen digutela.

Aipatutako erreformen beste ondorio batzuk hauek dira: jubilazioa lortzeko bete behar diren lan urteak luzatu egiten dira; jasangarritasun faktorea dela eta, 52 urtetik 55 urtetara luzatzen da; alarguntasun pentsioak jaisten ari dira; botiken berrordainketa ezartzen digute; pentsioen balioa gaurkotzeko, ez dute jadanik KPIa kontuan hartzen; Pentsioen Kutxan eskua sartu dute, bankuak erreskatatzeko... Ez da harritzekoa jendearen ezinegona eta amorrua.

Jendea kalera atera da eta mobilizazioak handiak dira, baina egia al da aldarrikapen bakarra %0,25aren aurkakoa dela? Gure ustez ez. Ez litzateke hala izan behar, behintzat. Madrilgo, Gasteizkoa eta Iruñeko gobernuei gogorarazi nahi diegu bizitza duina izateko eskubidea dugula. Hori dela eta, Europako Eskutitz Sozialak aholkatzen duen gutxiengo 1.080 euroko pentsioa onar dezatela eskatzen diegu. Horrekin batera, eskatzen diegu pentsioen urteko igoera KPIak eragiten duena izan dadila eta gaurko eta biharko pentsio publiko duinak bermatuko duen Babes Sozialeko Sistema propioa sortu dadila.

Argi dago Madrilen egiten ari diren pentsio sistemaren kudeaketak ez dizkigula pentsioak bermatzeko. Horregatik, etengabe presio egiten digute pentsio plangintza pribatuak egin ditzagun. Ez dute beraien sisteman sinesten. Beraiek hondoratu dute, eta horregatik diogu sistema bera aldatu behar dela, beste eredu bat behar dugula: hurbilagoa, parte hartzailea, guk geu sortutakoa eta diru sarreren eta gastuen antolakuntza eta kudeaketa gure lurraldean egitea ahalbidetuko duena. Gai honetan ere, estatuaren mende jarraitzeak pentsioen pobrezia betirako ziurtatzea ekarriko luke.

Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformatik helburu hauek defenditzen dituzten mobilizazio guztiak babestuko ditugu. Bertan parte hartzen jarraituko dugu, eta gure aldarrikapenak argi azalduko ditugu. Izan ere, Euskal Herriko 680.000 pentsiodunetatik asko eta askok pobrezia-mugaren azpiko pentsioak jasotzen dituzte, bereziki emakumeek.

Gogorazi nahi dugu, duela ez horrenbeste denbora, gure aldarrikapen horiek Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan aurkeztu genituela 80.000 sinaduren babesarekin, eta EAJren, PSOEren, PPren eta UPNren ezetzak jaso bagenituen ere, ez dugu etsiko eta kalera irteten jarraituko dugu.

- Europako Karta Sozialak aholkatzen duen gutxiengo 1.080 euroko pentsioaren alde.

- Pentsio duinak eta menpekotasunean daudenen zaintza bermatuko duen gure Gizarte Segurtasun Sistema propioaren alde.

- Ehuneko %0,25eko igoeraren aurka eta KPIaren igoeraren alde.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide