Bi solasaldi eskainiko ditu Josu Albero biologo eta mikrobiologian adituak Mikrobioen mundu liluragarria izenburupean. Aurreneko solasaldia ostegunean, martxoaren 15ean, eskainiko du, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Bigarren hitzaldia, berriz, hilaren 22an izango da, ordu eta leku berean.
"Mikrobioen mundua oso zabala denez, eta gaiak luzerako ematen duenez, azalpen guztiak hitzaldi batean eman beharrean, bitan emango ditut", azaldu du Alberok. Hala, 75 minutuko bi solasaldi eskainiko ditu. Hizlariak aurreratu duenez, lehen saiora bertaratzen diren herritarrek mikrobioak zer diren ezagutuko dute, baita horien bizitokia eta bizimodua nolakoa den ikasi ere. Gainera, mikrobioek ingurugiroan duten garrantziaz nahiz bakterioez arituko dira.
Hilaren 22ko hitzaldian, aldiz, honako gai hauek landuko dituzte: "Mikrobioen alde iluna: bakterio patogenoak; inmunitate-sistema; txertoak eta antibiotikoak; gaitz infekzioso nagusiak eta Mikrobioen erabilera industriala: Bioteknologia".
"Mikrobioen mundu ikusezina gure ondoan dago, inguratzen gaitu, baina gu ez gara konturatzen", dio Alberok. Hitzaldietara bertaratzen diren herritarrek gaia sakonago ezagutuko aukera izango dute. Solasaldiak irekiak izango dira eta, beraz, gaian interesa duen herritar oro hurbil daiteke saioetara.
Joan zen otsailean Zumaian eskaini zituen mikrobioen inguruko solasaldiak. Horren harira, elkarrizketa egin zioten Baleike.eus-en.
Nola sartzen zara mikrobioen mundu honetan?
Duela 22 edo 23 urte laborategi bat sortu genuen Azpeitian, Izadi laborategia, eta bertan analisi mikrobiologikoak egiten ditugu; uraren, janariaren eta instalakuntzen analisiak. Betidanik gehien gustatu zaidan gaia izan da. Ni biologoa naiz, baina mikrobiologian espezializatu naiz.
Gehientsuenentzako erabat ezezaguna den mundua da hau.
Ikusten ez dugulako. Mikrobioek inguratzen gaituzte, mikrobioez inguratuta bizi gara, baina ikusten ez ditugunez, ez gara mundu horretaz konturatzen. Beti gogora ekartzen dut poeta hark esan zuena: “Badaude beste mundu batzuk, baina mundu honetan daude”. Hori mikrobioen munduari aplikatuta, oso oso egokia da. Mikrobioen mundua hor dago, mundu honetan dago, baina beste dimentsio batean, ikusten ez dugulako.
Elkarrizketa osorik, Baleikeren webgunean.