Joan den martxotik abian da txipdun txartelaren bidez hondakinak biltzeko sistema berria Azpeitian, eta dagoeneko plazaratu dituzte lehen datuak. Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi dutenez, hondakinen %71 gaika sailkatuta jaso dute martxoan, otsailean baino %20 gehiago –%50 ingurukoa izan zen otsaileko datua–. Orain arteko emaitzen balorazioa egin dute gaur, hilak 13, Eneko Etxeberria alkateak, Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak eta Orkatz Goenaga mankomunitateko teknikariak. Balorazio "positiboa" egin dute hirurek.
Martxoko datuari erreparatuta, Eneko Etxeberriak herritarrei "eskerrak" eman dizkie sistema berriaren aurrean erakutsitako jarreragatik, eta "birziklatze tasa hobetzen laguntzeagatik". Era berean, herritarrek hondakinen gaiaren inguruan "kontzientzia handia" hartu dutela esan du Etxeberriak. "Eskertuta gaude azken urteetan hondakinen gaian eredu izan diren herriei, horiek ere eragin dutelako herritarren kontzientziazioan. Atzo Madrilgo epaiketan –Errazkin eta Intxaurrandietaren kontrako epaiketa– esan bezala, hau da bidea. Horrela jarraituz gero erakutsiko dugu badaudela alternatibak erraustegiaren aurrean".
Aitor Bereziartuak adierazi duenez, orain arteko datuak behin behinekoak dira, hil honen amaieran jakingo dituztelako datu zehatzak. Dena den, sistema berria ezartzean jarri zuten aurreneko helburua –hondakinen %70 gaika sailkatuta jasotzea– bete dutela nabarmendu du Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. Horren harira, herritarren jarrera azpimarratu du: "Pozgarria da lortutako emaitza, eta herritarrei zorionak eman beharrean gaude, oso jarrera positiboa erakutsi dutelako eta gauzak ondo egitea erraztu digutelako".
Hondakin sistema berria ezarri aurretik %40 ingurukoa zen gaikako birziklatze tasaren batez besteko datua. Bereziartuak azaldu duenez, orain helburua da gaikako hondakin bilketaren tasa %80ra igotzea, eta hori lortzeko bidean lanean jarraituko dutela azaldu du. "Sistemaren zati handi bat dugu ezarrita, baina oraindik badugu zer egin eta zer zuzendu. Herritarren iradokizunak jasotzen ari gara, eta horiek fintzen jarraitu beharko dugu".
Hondakin sistema "fintzen"
Gaur egun, hondakinak biltzeko sistema berriaren %80 dago martxan, industria arloko zein landa eremu batzuetako bilketa sistema ezartzea falta baita. Orkatz Goenagak azaldu duenez, herrigunetik gertuen dauden zenbait enpresatan dagoeneko hasi dira lanean, baina datozen asteetan ezarriko dute sistema gainerako industria lekuetan. Goenagaren hitzetan, "hori ezartzeak ahalbidetuko du gaikako birziklatze tasa %80ra gerturatzea".
Aurreneko hilabetea igarota, Goenagak esan du herrigunean oraindik badaudela egin beharreko lanak: "Hau ez da sistema finko eta estatikoa. Eskaera batzuk erantzuteko ditugu oraindik, eta horiek aldaketak ekarriko dituzte. Kontzientziazioa ere landu beharko da aurrerantzean". Gazte lokaletako hondakin bilketari dagokionez, Goenagak esan du zenbait kontu zehazteko dituztela oraindik. Horregatik dei egin die zalantzak dituzten gazteei nahiz herritarrei Urola Erdiko Mankomunitatearen bulegotik (Enparan kalea 34) pasa daitezen, beren kezkak argitzeko.