Eta hik nola hitz egiten dun/k?

Gipuzkoako Hitza 2018ko mai. 4a, 13:34

Beñat Muguruza eta Garbiñe Bereziartua, ikerketaren egileak. (Argazkia: Julene Frantzesena)

Hitanoa Azpeitian ikerketa hasi dute Bereziartuak eta Muguruzak, tokaren eta nokaren erabileraren arteko aldea aztertzeko. Hiruzpalau urtez ariko dira lanean.

Ohikoa da Azpeitian hitanoa entzutea. Ohikoa da gaztetxoek, helduek nahiz nagusiek kalean eta etxean hitanoa erabiltzea. Dena den, aski jakina da gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dutela, eta Garbiñe Bereziartuak (Azpeitia, 1977) eta Beñat Muguruzak (Irun, 1987) kezka horretatik abiatuta hasi dute Azpeitiko hitanoaren erabileraren inguruko ikerketa.

Bereziartuaren arabera, hitanoaren egoera, oro har, "oso kaskarra" da Euskal Herrian, baina hark dioenez, Azpeitia da hitanoa osasuntsuen dauden herrietako bat. "Baina Azpeitian ere ez dago erabat salbu". Ondorengoak sortzen die kezka bi ikerlariei: mutilen artean edo mutilei hitz egiteko asko erabiltzen dela hika, baina emakumeen kasuan, ez hainbeste. Bi ikerlarien ustez, hitanoaren azterketa egiteko "toki aproposa" da Azpeitia, eta halaxe ekin diote lanari.

Azpeitiarra da Bereziartua, eta hark bertatik bertara bizi du hitanoa herrian hartzen ari den joera. Muguruzak, Irungoa izanik, "beste modu batera" bizi du hitanoa. "Oso bestelakoa da Irungo egoera. Han, kalean norbait euskaraz entzunez gero, ezagunen bat izaten da normalean". Dena den, hitanoa ikasteko beharra sentitu zuen, eta halaxe egin ere: "Norbaitek hika egin eta nik zuka erantzun behar izatea… Iruditu zitzaidan ez nintzela haiei kode berean erantzuteko gai, eta horregatik hasi nintzen ikasten". Gaur egun, "Irunen gertatu den aldaketa demografikoa tarteko", galdu egin da hitanoa erabiltzeko ohitura, baina Muguruzak dozena bat lagunekin hitz egiten du hika egunerokoan.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide