Gurea baino eskualde erdaldunago batean hainbat urtez eskolak ematen ibilia naiz, tartean, euskarakoak. Gaztetxoek –mutilek nagusiki– adin jakin batetik aurrera gaztelaniarako zuten joera ulertu nahirik –eta haiengan eragiteko, noski–, askotan galdetu nien zergatik egiten zuten gaztelania erabiltzeko hautua. Hautua ez, ohitura zela erantzuten zidaten gehienetan. Errazagoa zela ohiturei jarraitzea. Oporrak hartzean eskola egunetako ohitura goiztiarrak alde batera uztea ez zitzaiela asko kostatzen ba, erantzuten nien.
Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza Azpeitian hitanoaren erabilerari buruz egiten ari diren azterketaren harira, antzeko elkarrizketak izan ditut egunotan ingurukoekin. Bai, onartzen dut hizkuntzen frikia naizela eta orduak pasatu ditzakeedala, esaterako, hitanoari buruz hizketan. Baina zein euskaldun euskaltzalek ez darama euskaltzain txiki bat zainetan? Tira, harira. Lagun batek –emakumea bera– adierazi zidan ez zuela hitanoa erabiltzen “ohituragatik”. Orduan barnean daramadan andereño petrala azaleratu zen, eta esan nion halako erantzunik ez niola onartzen, arrazoitzeko zergatia. Ezagutza falta, nokako hizketarekiko ikuspuntu negatiboa edota harremanetan distantziak markatzeko zukarako joera suma zitezkeen haren erantzunetan.
Txikitan bagenuen jolas kurioso bat, andrazka deitzen geniona. Zukako hizkera erabili ordez alokutiboa erabiltzea zen gure jolasa, helduak imitatzeko. Adin haietan, hizkuntza ez zen guretzat jolasa besterik. Baina laster pasatu zen hizkuntza identitatea islatzeko tresna bihurtzera: mutilak biraoak botatzen hasi ziren gogor itxura izateko, baita zenbait neska ere. Mutilak toka hitz egiten hasi ziren haurren mundutik apartatzeko estrategia gisa; baita zenbait neska ere. Noka egiteko joera geroago errotu zen –eta gutxi batzuen artean soilik–, oker ez banago, eskolan hitanoari buruz egin genituen saio batzuk tarteko; hizkuntzaren erabileraren garrantziaz jada kontzientzia handiagoa genuen adin batetik aurrera izan zen.
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.