Txiki bezain eder, apal bezain erakargarri, zuri bezain beltz. Malenkoniaz bustitako gau batean ezagutu nuen Literatuzta, hitzez eta ilustrazioz jantzitako liburuxka. Euskarazko literaturaren lehorte garaian kolektiboan erein eta jasotako uzta.
Lehorteak lehorte, kulturaren aterkipean zebiltzan zenbait herritarrek hauspotuta eta Uztarria Kultur Koordinadorak lagunduta loratu zen Literatuzta, 2003ko uztailean. Orri zuriekin elkarrizketan izenburupean kaleratu zuten aurreneko liburuxka, eta haren ondotik iritsi ziren hurrengo zortziak. Idaztera animatzen ziren herritarrek literatur generoa oinarri, abiapuntu eta gai komun baten gainean sortzen zituzten testuak. Amaiera gai hartuta izkiriatu zuten bederatzigarren eta azken Literatuzta. Hala zioten agurreko mezuan: "Idazteak, kirolak bezala, nekatu egiten du. Eta garaiz egiten den erretiroa garaipen bat omen da. Beste garaipen bat da hau, eta beste porrot bat".
Azpeitian kontsumora bideratutako kultura nagusi den garaiotan, sormena –edo saltzeko sortzea– modan dagoen honetan, zarata gutxi ateratzen dute idatzizko kultur lanek. Ezer gutxi aldatu da bazterretan, eta lehor jarraitzen dute literaturaren soroek, artista zoro zoragarrien esperoan, hitz zirikatzaileen esperoan; sentipenak, bizipozak, sentipozak eta bizipenak izkiriatzeko gai direnen esperoan.
Bitartean, izan gogoan Jose Luis Otamendik Literatuztaren lehen zenbakirako idatzitako hitz hauek: "Literaturak garai bateko lekukotza ematen du, ahots desberdinen berri. Eta aldian-aldian berritu behar du biziko bada. Bestela stock zaharretik tira beharko, lehorte galgarriak dirauen arte. Ur zaharretik edaten: lilura ozpinduak, maitasun folkloreari emanak. Sasoi bakoitzari bere hitza, bere adierazteko erak".