Saninazioak 2018

Ione de la Cruz: "Mutil gazteak eta gizonak ere gerturatzera gonbidatuko nituzke"

Uztarria.eus 2018ko uzt. 27a, 15:28

Ione de la Cruz, Plaza Txikiko arkupean. Plaza horretan jarriko dute postua saninazioetan.

Eraso matxistarik gabeko informazio eta arreta gunea jarriko dute aurten ere saninazioetan Plaza Txikian. Emagin elkarte feministak kudeatutako zerbitzu hori herriz herri eta festaz festa dabil udan, eta Ione de la Cruz (Azkoitia, 1993) da gunean lan egiten dutenetako bat.

Zein da zure egitekoa postuetan?

Emagin elkarte feministako bi langile egoten gara gunean. Indarkeria matxistaren inguruko formakuntza jaso dugu bertan egoteko. Gaiaren inguruko informazioa eta aholkularitza eskaintzen dugu eta bizipenak, iritziak eta hausnarketak elkartrukatzeko konfiantzazko gunea sortzen saiatzen gara. Beraz, herritarrak, indarkeria matxistaz kontzientziatzeko helburuarekin gaude bertan. Horri aurre egiteko ideiak eta aholkuak eskaintzen saiatzen gara. Horretarako ezinbestekoak iruditzen zaizkigun mezuak zabaltzen ditugu; besteak beste, emakumeak eta neskak autodefentsa feministara batzea, ligoteo sanorako eta tratu onetan oinarritzen diren harreman ereduak sustatzea, erasoen aurrean nola jokatu dezakegun pentsatzea eta ematen direnean erantzutea.

Orain arte non egon zara? Zerekin egin duzu topo?

Herriz herri eta festaz festa nabil azken hilabete eta erdian. Irunen hasi nintzen, eta Markina, Ordizia, Villabona, Mutriku eta abar ezagutzeko aukera izan dut. Festak eduki sinboliko handiko kultura adierazpenak dira eta, beraz, egunerokoan ematen diren egoerak kondentsatuta ematen dira egun hauetan. Gerturatzen zaizkigun erabiltzaileek, neska gazteek eta emakumeek bereziki, festa giroko esparru desberdinetan izaten dituzten bizipenak adierazten dizkigute: musika mota, oholtza gaineko egoera, etxera itzultzerakoan beldurra izatea, parrandan bizi dituzten ukituak... Kasu desberdin ugarirekin gerturatzen dira. Festak egunerokotasunaren ispilua direnez, askoren eguneroko bizipen eta sentipenak dira kontatzen dizkigutenak. Beraz, egoerari aurre festetan bakarrik ez, urte osoan egin behar zaio.

Zein izan dira zuengana jo dutenen kezka nagusiak?

Kasu desberdinen inguruko aholkularitza eske gerturatu izan zaizkigu. Tratu txarrak jasaten dituen emakume bati zer esan diezaiokeen galdezka etorri zitzaigun bat. Neska gazte asko, gauez etxerakoan beldurra sentitzen dutela eta horri aurre nola egin. Salaketa sozialerako espazio bezala ere erabili izan dute gunea, jakinarazteko festetan zein egoera ematen diren; ukituak, egoera biolentoak eta abar.

Herritarrek interesik agertzen al dute zerbitzuaren, eta orokorrean, gaiaren inguruan?

Orokorrean, harrera ona izaten du guneak. Jendea egoera desberdinak direla eta, haserre eta larrituta antzematen da, beraz asko dira interesatuak. Bestetik, asko antzematen da herrian hezkidetza proiektuak martxan baldin badaude, edota mugimendu feministarik ba al dagoen; izan ere, asko eragiten du jendearen sentsibilizazioan, eta beraz, baita gaia lantzerako orduan ere. Hala ere, oraindik, emakumeen kontuak direnaren pertzepzioa dut, neska gazteak eta emakumeak direlako gerturatzen direnak. Mutil gazteak eta gizonak ere gerturatzera gonbidatuko nituzke, iritziak eta kezkak elkartrukatzeko espazioa delako eta ongietorriak izango direlako.

Orain arte jaso duzuna eta gero, zerbaitek kezkatzen al zaitu?

Gaia pil-pilean dagoela esango nuke. Asko dira La Manadaren kontua dela-eta gerturatzen zaizkigunak. Jendea haserre antzematen da. Hala ere, eta lehen aipatu bezala, jendartearen isla dira festak eta hauetan ematen diren jarrerak; beraz, ezin da ahaztu gure artean errotuta dugun sistema dela heteropatriarkatua, gure egunerokotasunean eta harremanetan zuzen-zuzenean sartzen dena, eta ez direla festetan ematen diren edo albistegietan agertzen diren kasu isolatuak. Gaiaren mediatizazioak eta horren ondorioak kezkatzen nau. Badirudi gure egunerokotasunetik kanpo ematen den zerbait dela, eta ez da inondik inola ere horrela. Lehenago esan dudan bezala, gure arteko harremanetan errotuta dugun sistema bat da, eta gure inguruko eta gertuko neska eta emakumeen bizipenak eta kontakizunak horren isla dira. Albisteetan entzuten direnez gain, noiz edo noiz gure ingurukoen biografietan arreta jarriko bagenu, oso desberdina litzateke. Hori dela eta, norbanakotik eta norberaren harremanetan arreta jarrita, aldaketzen hastearen ardura hartu behar dugula uste dut.

Azpeitiko festetan noiz eta non egongo zarete?

Uztailaren 30ean 18:00etatik 06:00etara, 31an 20:00etatik 04:00etara, eta abuztuaren 1ean 18:00etatik 06:00etara izango gara Plaza Txikian, Udaltzaingoaren bulego parean. Gerturatu beldurrik gabe, ez da inor esku hutsik eta ideia interesgarririk gabe joango bertatik!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide