San Inazio bigarrena da gaur, eta urtero bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarien bisita izan dute herrian. Aurtengoan, Iñigo Urkullu lehendakaria ez da etorri, baina haren ordez, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua izan dira Azpeitian. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua ere bertaratu dira, besteak beste. Horiek Udal ordezkariekin elkartu dira plazan 10:15ean, eta guztiak elkarrekin korporazioan joan dira Loiolara; han meza izan da 11:00etan.
Politikariak ez dira bakarrik egon plazan, ordea. Izan ere, eskualdeko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute, Urola Kostako Plataformak deituta. Iñigo Urkulluri gutun bat ematea zen beraien asmoa, baina hura etorri ez denez, Bakartxo Tejeriari eman diote eskutitza. Bertan, pentsio publiko duinak eta KPIaren araberako igoerak eskatu dituzte, 1.080 euroko gutxieneko hileko pentsioarekin batera. Horrez gain, beste kontzentrazio bat ere izan da: hainbat herritarrek festa herrikoiak aldarrikatu dituzte, Guk festa herrikoiek! Harrera instituzionalik ez! lelopean. Erreformarik gabeko euskal eskola nazionala aldarrikatzen zuen pankarta bat ere presente izan da plazan.
Loiolara joan aurretik, Olanok eta Tapiak hartu dute hitza. Olanok aurtengo urtean izan den langabeziaren jaitsiera nabarmendu du: "Gipuzkoan langabezia %8tik jaitsi da; inkesten arabera, %7,7an egongo da orain, eta denok dakigu zer berri ona den hori. Arlo ekonomikoan orain arte egin dugun esfortzuarekin jarraitu beharra daukagu, datu horiek iraunkor mantentzeko datozen urteetan. Hemendik aurrera enpleguaren kalitatea hobetzea izango da gure esfortzu nagusia, lanpostuak egonkorragoak eta hobeto ordainduak izan daitezen".
Tapiak, berriz, taxilarien greba izan du hizpide: "VTC baimenak direla eta, bilera izango da gaur Madrilgo ministeritzan. Esan behar da Euskadin ez daukagula horrelako arazorik gaur egun, nolabait kontrolatzen joan garelako horrelako baimenak nola eman orain arte. Hemen ez dago Uber eta Cabify lizentziarik; eman direnak bertako enpresek dituzte. Nahikoa ondo kontrolatuta dago kontua".
Politikariak Loiolara iritsi direnerako, hainbat lagun bilduta zeuden han, Etxeratek deitutako elkarretaratzean. Naike Diez Etxerateko bozeramaileak eskutitz bat eman dio Tejeriari, eta hitza hartu du segidan: "Gaur berriro ere Loiolako basilikaren aurrean elkartu gara, urteroko legez, sufritzen dugun dispertsio politika salatzeko eta lehendakaritzari gure informazioa eta balorazioa transmititzeko. Errespetuagatik, ez dugu gutunaren edukia publiko egingo, baina guretzat garrantzitsuena da 2018. urtean, ETAk borroka armatua eten zuenetik 7 urte pasatu direnean eta erakundea disolbatu denean, berriro ere hemen gaudela dispertsio politika salatzeko. Berriro ere euskal presoen senideok eta lagunok sufritzen dugun giza eskubideen urraketa salatu beharra dugu. Dispertsio politikarekin amaitu behar da, nahikoa dela esan behar dugu, ez dugu nahi inoren objektu edo inoren negoziazioko parte izan. Gure bizitzarekin jokatzen ari dira, gure eskubideekin jokatzen ari dira, eta dispertsio politikarekin berehala amaitu behar da, ez dugulako istripu gehiago eta heriotz biktima gehiago nahi".