Saninazioak 2018

Errealitatearen bestaldea

Uztarria.eus 2018ko abu. 6a, 12:58

San Martin egoitzako kideak buruhandiekin. (Mireia Galarza)

San Inazio jaiak amaitu berri dira, eta herritarrek denetarik egiteko aukera izan dute. Dena den, bada sasoi horretan hain ikusgarri egiten ez den kolektibo bat: San Martin egoitzako kideek ere ederki ospatu dituzte festak, beren erara.

Txupinazoa plazan ikusi, ondoren Marea Arroxari jarraitu, herri bazkarira joan, parranda egin... Festetan, asko dira dibertsio egunei forma bera ematen dieten azpeitiarrak. Badira, ordea, festak beste modu batera bizi dituztenak ere, eta horren adibide da Azpeitiko San Martin Egoitza. Bertako egoiliar gehienak ez ditugu kalean ikusiko festetan zehar, baina beraien modura aprobetxatuko dituzte festak. San Martin Egoitzako Arantxa Arrillaga terapeutaren arabera, "gogoz" hartzen dituzte festa egunak.

Egiten duten guztia ikusita, garbi dago egoitzan ez direla aspertzen. Izan ere, San Inazio bezperan, festei hasiera emateko, beraien txupinazoa botatzen dute, eta ondoren, trikitilariak joaten dira egoitzara. Kamixeta ez, baina Marea Arroxakren zapia jarrita, hamaiketako berezia egin eta Marea Arroxa noiz iritsiko den zain geratzen dira, Marea Arroxak herria zeharkatzen duenean, geldiunea egiten baitu egoitza parean. Egoiliar gehienak egoitzan geratzen badira ere, batzuk kanpora irteten dira, bai familiarekin eta bai egoitzako langileekin. "Zezenetarako afizioa nabari da, eta Zezen Batzordeak ematen dizkigun sarrerei esker, zezenketetara joateko aukera izaten dugu", dio Marian Mangas San Martineko psikologoak. "Beste batzuk, aldiz, senideekin batera, bazkaltzera ere irteten dira", dio Arrillagak.

Badira, ordea, desberdintasunak orain dela urte batzuetako festekin alderatuta. Egoitzako Rocio Corta egoiliarraren arabera, garai bateko su artifizialak plazan izaten ziren. Cortak dio barrakak, orain ez bezala, garai batean Done Jakue kalean egoten zirela eta, parrandari buruz galdetuta, Cortak irribarrez erantzun du bere garaian "ordubatak edo ordubiak aldera" tabernak itxi egiten zirela.

Festek dakartzaten onurei buruz galdetuta, "orientazioa" azpimarratu du egoitzako psikologoak. "Egoitzan egiten ditugun gauza guztiekin egoiliarrak denboran kokatzea lortzen dugu". Horretarako, adibidez, San Inazio martxa abesten aritu dira azken asteetan. Arrillagaren esanetan, aldiz, "zaintzeko" ere balio diete festa egunek, egun "bereziak" izanda, beraien autoestimarako ere balio dutelako.

Urtean zehar San Martin egoitzan boluntario aritzen direnak asko badira ere, ez dira izaten hainbeste saninazioetan; "festa egunak beraientzat ere badira", dio Mangasek. Gehienbat egoitzako langileen ardura izaten da festa egunetan egoiliarrekin bestelako ekintzak egitea: "Denok denetik egiten dugu, ahal dugun moduan".

Saninazioekin gutxi ez, eta beste festa pila bat ere ospatzen dituzte urtean zehar San Martin egoitzan: sansebastianak, inauteriak, San Balentin eguna, sanferminak, San Martin astea... Eta festez gain, urteko ekintza bereziek ere badute lekua egoitzan. "Aurten, adibidez, Korrika ere ospatuko dugu geure erara".

Errealitate ikusezina?

"Jende askok pentsatzen du egoitzetan ez dela ezer egiten, egoitzen pertzepzio okerra dago". Hori dela eta, egoitzako langileen arabera, "helburua ez da egoitza isolatuta geratzea, kanpoko ekintzak uztartu eta errealitatearen parte izatea baizik", arreta betiere "pertsonaren ongizatean" jarrita. Hala eta guztiz ere, "aurrerapausoak" egon direla deritzo Mangasek, eta belaunaldien arteko programak, adibidez, lagundu duela horretan. Arrillagak dio "kontzientzia" existitzen dela, eta beraiek, behintzat, "beti zerbait egiten saiatzen" direla. "Bizitza ez da egoitzan amaitzen, beste modu batera jarraitzen du, eta pixkanaka bada ere, jendea hasi da horretaz jabetzen", dio Mangasek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide