Turismofobia da

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko abu. 30a, 17:20

Gaur, abuztuak 30, Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean argitaratutako iritzi artikulua da honako hau:

Aurreneko aldiz katalanez ikusi nuen: "no és turismofòbia, és lluita de classes". Gaurko hau da adierazteko nerea eta beste askorena turismofobia garbi-garbia dela.

Nere esku balego, eta fatxa-mailan jarrita, turismoa debekatuta geldituko litzateke mundu guztian eta mundu guztiarentzat. Zer debekatuko genuke? Ba beste inolako beharrik edo justifikaziorik gabe (ez da erraza izango erabakitzea zer den zer, badakit), urrutiko tokiak ikustera edo ezagutzera joatea (eta urruti egongo litzateke, nere balizko diktaduran, hegazkinik hartu gabe herrira lotara ezin itzul gintezkeen edozein toki). Erabaki gogorra da, baina gauzak oso gaiztotuta daude eta gelditu beharra dago 40 bat urtez luzatu den moda tonto hau.

Asuntoaren funtsa hauxe da: gizaki garatuari ematen diote jai, ematen dizkiote jaiak, eta harekin jai dago; ez dago gauza onik eta ez du aldegin arteko onik. Kentzen dizkiote lanak eta eginkizunak, eta ez daki zer egin bere buruarekin, biziarekin eta tokiarekin. Eta nola bere buruaz beste egitea gogortxoa den, bere munduaz eta bere tokiaz beste egiten du.

Izan ere, zer egiten du gizaki heldu-garatuak bizian, eginkizunak kendu ezkero? Eta ez dago erantzunik. Aspermena eta eromena egon daitezke, baina horiek ez dira parte onekoak. Edo jan-edana dago, edo kirola dago, edo pantallak daude ("munduko toki guztiak" ikus daitezkeen etxe-barruko pantallak!), baina ezer ez da aski, eta… atera beharra dago, nonbait "galduta bezala" sentitu beharra daukagu geure lekuan "aurkituegiak" gaudenok. Geure lekuari eta biziari buruzko "ideia" bat eginda bizi gara: ideia puta bat eginda; eta ideia putarik gabe bizitzeko, desagertu beste biderik ez dugu ikusten. Aldegiteari "lekuak hustu" esaten diote beste euskara batzuetan, eta horixe egiten du turismoak: leku batzuk gehitxo hustu eta beste leku batzuk gehitxo bete.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide