Joseba Lazkano: "Aurrekaririk gabeko tragedia izan da Venezuelaren esperientzia"

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 5a, 16:30

Joseba Lazkano misiolaria 20 urte zituela joan zen Venezuelara, eta ordutik han bizi da. Egun, Fe y Alegria mugimenduan ikerkuntzan dihardu lanean, eta jaioterrian, Azpeitian, dabil egunotan. Urola Kostako Hitza egunkariak elkarrizketa egin dio azpeitiarrari.

Joseba Lazkanok (Azpeitia, 1934) bizitzaren bi heren baino gehiago daramatza Venezuelan, misiolari lanetan. Hainbat unibertsitate ikasketa eginak, azken hamarkadetan askotariko zereginak egin ditu Venezuelan: 24 urtez, ikerkuntzarako eta gizarte ekintzarako Gumilla zentroan lan egin zuen, eta erakundeak argitaratzen duen Sic aldizkariaren erredakzio buru izan zen tarte horretan. Egun, ikerkari lanetan dabil, Fe y Alegria mugimenduan.

Zer dela eta joan zinen Venezuelara misiolari?

Ikasketak amaituta, jesuita izatea erabaki nuen. Venezuelan lan egiteko boluntarioak behar zituztela-eta joan nintzen hara, ilusio handiz. Nire bizitzako oparia izan da. Hara joan nintzenean, garai ireki batekin egin nuen topo. Herrialdeak gaitasun ikaragarriak zituela jakitun, baikortasun handia zegoen. 20 urterekin joan nintzen hara, eta beti esan izan dut Venezuela nire adin bereko neska eder bat zela orduan. Bere edertasunaren jakitun zen emakumearekin maitemindu ginen, eta bera gurekin. Venezuelarekin izan dugun harremana bikote ezkondu zoragarriarena izan da.

Asko hitz egiten da Venezuelak egun bizi duen krisiaz. Nola bizi da hango jendea?

Miseria ikaragarria dago, eta jendea nola biziraun pentsatzen bizi da. Hunkitu egiten zara jendea, modu xumean, laguntza eta lan eske etortzen zaizunean, eta seme-alabek ez dutela gosaldu esaten dizunean. Orain arte ez dira inoiz eskean ibili, eta egoera hori egunerokoa da orain. Etxetik 50 metrora, berriz, jendea zabor artean janari bila ibiltzen da, eta askotan, zakurrekin borrokan. Jendeak bidaiatu egin nahi du, baina ez dago garraio publikorik; orduak oinez egin behar ditu nahi duen lekura iristeko. Egoera desesperagarria da. Gobernuak azken urteetan ez du egin inbertsio hidroelektrikorik, eta argiarekin duten arazoa egunerokoa da. Hiri batzuetan, esaterako, argindarrik ez dute azken asteetan, eta han dagoen beroarekin izozkailurik edo aire egokiturik ez izatea beldurgarria da.

Nola iritsi da Venezuela egoera horretara?

Bi dira faktore nagusiak. Batetik, petrolioan oinarritutako herrialdea da Venezuela, eta errentetatik bizi den kultura da nagusi han. Petrolioa estatuarena da, eta, beraz, niri ere badagokit hortik bizitzea; hala pentsatzen dute gobernuek, enpresek eta herritarrek, eta petrolioa beraiengana noiz iritsiko zain daude. Ez dute aurrera begirako ekoizpen planik. Zentzu horretan, Jerusalemgo lehen komunitate kristauen esperientzia datorkit gogora; bakoitzak bere aukeren eta beharren arabera ematen eta jasotzen zuen. Kontsumoan oinarritutako sozialismoa eratu zuten haiek, baina sozialismo eredu hori agortu egiten da. Venezuela eredu horren parabola da. Beste faktorea da boterea absolutu bihurtu eta beharrezko kontrolak desegin dituztela. Analisi marxistak balio izan du gizarte liberalistak nola funtzionatzen duen jakiteko. Eta liberalismoak asmatu du botere judiziala, exekutiboa eta betearazlea bereizten. Badakigu banaketa hori eskasa dela, botere bakoitzak autonomia txikia duelako. Baina botere bakoitzak gutxieneko kontrola badu, eta horregatik ez da egungo kapitalismoa horren bidegabea. Sozialismoak, ordea, botereak ez bereizteko eta guztia baten esku geratzeko arriskua dauka. Finean, boterearen logikak horretara eramaten zaitu.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide