Munoaundiko indusketen "balorazio positiboa" egin du Aranzadik

Uztarria.eus 2018ko ira. 7a, 11:35

Arkeologia ikasten ari diren 25 lagun aritu dira Azpeitia eta Azkoitia arteko Burdin Aroko herri harresitua induskatzen. Aurten, harresian, terrazamenduan eta bizilekuetan sakondu dute, eta bigarren etxebizitza baten egitura topatu dute. Hala ere, nekropoliaren arrastorik ez aute aurkitu oraindik.

Aranzadi zientzia elkarteak, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta Iraurgi Berritzenen laguntzarekin, indusketak egin ditu beste urte batez Munoaundi aztarnategian. Ohi bezala, uztailean zehar aritu dira Azpeitia eta Azkoitia arteko Burdin Aroko herri harresitua induskatzen, eta hainbat aurkikuntza egin dute, Antxoka Martinez Aranzadiko kideak eta Munoaundiko indusketen arduradunak adierazi duenez.

Aranzadik bost urtetarako zehazten ditu indusketen helburuak, eta aurtengoak iazkoen jarraipenak izan dira. Hori hala, harresian, terrazamenduan eta bizilekuetan sakondu dute, eta Martinenez jakinarazi duenez, bigarren etxebizitza baten egitura topatu dute: "Batzuetan zalantzak sortzen zaizkigu, hala moduz kontserbatzen delako gunea. Baina ikusten dugu egitura eta materialak badaudela, eta horri esker dakigu bigarren etxebizitza baten aztarna badagoela. Kontua da ez dakigula etxebizitza osorik atera ahal izango dugun, edo haren atal bat soilik". Izan ere, hark azpimarratu du bizilekuen inguruan daukaten informazioa "oso urria" dela, Gipuzkoan ez direlako bizileku asko topatu. "Beraz, edozein aztarna aurkitzea pozteko modukoa izaten da". Harresiaren kanpoko hormaren oinarriak eta luzera ere zehaztu dituzte. Horrez gain, Martinezek adierazi du material pixkat bat aurkitu dutela, "baina ez askorik". Arkeologoaren arabera, batez ere eskuz eta tornuz egindako zeramika piezak dira aurkitu dituztenak.

Dena den, oraindik ez dute barruan sartutako arantza ateratzerik lortu, nekropolia non egon daitekeen arrastorik gabe jarraitzen baitute. "Egoera desesperagarria da. Aurten, zazpi lagin egin ditugu, eta guztira, 50 lagin inguru aterako genituen azken urteetan. Bilatze eremua zabaldu dugu aurten, eta hainbat atal harakatu dugu, baina ez dago nekropolirik". Aranzadiko kideak gogoratu du Gipuzkoan ez dagoela eredutzat har daitekeen beste nekropolirik, eta horrek lana zailtzen diela esan du. "Nonbaiten egon behar du, baina. Baliteke ageriko aztarnarik ez egotea ingurua ondo kontserbatu gabe dagoelako, eta hori hala baldin bada, laginak egitea beste aukerarik ez dago".

Aurten, 25 lagun inguru aritu dira lanean, baina eguraldiak askorik ez diela lagundu adierazi du Martinezek. "Izugarrizko beroa egin digu, eta, ondorioz, hainbat egunetan lehenago bukatu behar izan dugu lanaldia. Euriaren eraginez ere eten behar izan genituen lanak zenbait egunetan".

Orokorrean, indusketak "ondo" joan direla adierazi du Martinezek, eta helburuak beteta, horien balorazio positiboa egin du. "Badakigu une batean agortu egingo dugula bizilekuetatik atera dezakegun informazioa, baina oraindik ez gara momentu horretara iritsi. Laginak atera eta miaketak egin ditugu indusketetan, eta pozik gaude egindako lanarekin". 

Aztarnategia museo bihurtzeko nahia

Aranzadi zientzia elkarteak bi plangintza ditu Munoaundiri dagokionez. Horietako bat da arkeologia ikasleek udaro han egiten duten indusketen proiektua. Hain zuzen ere, indusketa horien jarraipena datorren urterako "bermatuta" dagoela jakinarazi du Martinezek.

Bigarren proiektuak, ordea, "airean" jarraitzen du oraindik ere. Izan ere, aurten ezin izan dute iaz hasitako aztarnategiko bigarren eremuko sarbideko lanekin segitu, ez dutelako horretarako finantziaziorik lortu. Martinezek adierazi du erakundeei sarbidearen inguruko proiektu zabal bat aurkezteko asmoa dutela, beharrezko indusketak egin ditzaten han. "Proiektu garrantzitsua da, eta bestelako plangintza bat eskatzen du. Sarbidea ohiko datetatik kanpo, lau eta sei hilabete artean, aztertu beharko da, eta profesionalek egin beharko dute, ez ikasleek".

Arkeologoak uste du bailarako ondare sarean txertatu beharko litzatekeela Munoaundi, eta horretarako garrantzitsutzat jo du esku artean duten proiektua. Izan ere, indusketak egiteaz gain, Munoaundin museoa egitea ere aurreikusten dute, hango ondarea gizarteratzeko asmoz. "Urte osoan bisita daiteke Munoaundi, baina oraindik hutsune bat badu. Adibidez, sarreraren egitura bakarra da –ez dago halako besterik Kantauri isurialde osoan–, eta jendeak galdetzen digu sarbidearen inguruan, eta azalpenak ematen dizkiogu, baina hitzak eta planoa baino zerbait argiagoa eta ikusgarriagoa behar dute erabat ulertzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide