Azpeitian hika nola eta zenbat egiten den ezagutu zuten atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunera bertaratu ziren herritarrek. Bertan, Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak Hitanoa Azpeitian izeneko azterketaren lehen faseak utzitako emaitzak eta horietatik ateratako ondorioak plazaratu zituzten. Denetariko datuak utzi zituen ordubetetik gora iraun zuen aurkezpenak. Horiek aurkeztu ostean, ateratako ondorioen eta jasotako emaitzen atzean dauden arrazoiak aztertzeari ekingo diote datozen hilabeteetan.
Orotara, 1.500 herritarrek erantzun dituzte Bereziartuak eta Muguruzak prestatutako galdetegiak. Jasotako emaitzen gaineko zalantzak izan dituztela aitortu zuen Bereziartuak aurkezpena hastean: "Nola jakin zenbateraino diren egi jasotako emaitzak? Ematen den erantzuna beti ez da egia, aitortua baizik". Dena den, emaitzok errealitatera "hurbilpen bat" direla uste dute.
Gazteei eta heldueei dagokienez, horiek familian eta lagunartean dituzten joerak aztertu dituzte Bereziartuak eta Muguruzak ikerketaren lehen atalean, baita bi eremu horietako zein faktorek eragiten duen hitanoaren erabileran. Familiaz eta lagunarteaz gain, beste zenbait konturi ere erreparatu diote Bereziartuak eta Muguruzak. Esaterako, aztertu dute norberak zein modutara hitz egiten dion bere buruari. Era berean, generoaren eta hitanoaren erabileraren artean erlazioan ere jarri dute arreta. Gaztetxoentzat beste galdetegi bat prestatu zuten, "egitura ezberdinak" direla iritzita.
Azpeitian dagoen hitanoaren erabilerari erreparatuta, "izugarria" da neskek eta mutilek hika egiteko duten joeraren aldea. Mutilek dezentez gehiago hitz egiten dute hika neskekin alderatuz gero, bai gazteen zein helduen artean. Halaber, belaunaldi arteko datuak esanguratsuak dira. Izan ere, gaur egun, helduek gazteek baino gehiago egiten dute hika.
Bereziartuaren eta Muguruzaren arabera, hainbat faktorek edo aldagaik eragiten dute hitanoaren erabileran, eta ez aldagai jakin batek bakarrik. Hau da, haien aburuz, pertsona baten hitanoaren erabileran "benetan eragiteko", eragina "leku askotatik" jaso behar da, eta horrela izaten dela diote, batez ere nesken kasuan. Ikerketaren egileen aburuz, gaztetxoen hizkuntz joeran eragin zuzena du gurasoek seme-alabei hitz egiteko moduak, gurasoek lagun artean hitz egiteko duten ohiturak edota gurasoek elkarri hitz egiteko duten moduak.
Hitanoa erabiltzeko egokitasunari dagokionez, ikerketak dio badagoela zer hobetu eta noka forma gehiago praktikatu behar dela. Era berean, azterketak dio herritarrek ez dituztela ondo betetzen hitaroari dagozkion gramatika arauak, nahiz eta herritarren gehiengoak idatziz errazago egiten duen hika. Bereziartuak eta Muguruzak uste dute gramatikaren arloan ere oraindik badagoela zer ikasi eta zer hobetu.
"Gaztetxoei egindako galderetako erantzunek ez dute bat egiten kalean ikusten denarekin". Horrela dio Bereziartuak. Izan ere, gaur egungo gaztetxoen artean oso baxua da hitanoaren erabilera. Horregatik, ikerketaren egileen arabera, baliteke hitanoa "identitate zeinu" izatea gaztetxoentzat. "Zergatik erantzun dute galdetegian hika egiten dutela benetan ez badute horrela egiten? Hika egiteko gogoa erakusten al du horrek?" galdetzen du Bereziartuak. "Ezin jakin".
Egindako azterketatik ateratako ondorioetatik abiatuta, beste ideia batzuk azpimarratu dituzte Bereziartuak eta Muguruzak. Alde batetik, uste dute Azpeitia badela "herri erreferentea" hitanoaren erabilerari dagokionez, baita hitanoaren zein euskararen arnasgune ere. Horregatik, diote, Azpeitiak, herri bezala, baduela euskara eta hitanoa zaintzeko "ardura".
Azpeitian hitanoa bultzatzen jarraitzeak merezi duela uste al duzu?. Galdera hori egin zieten Bereziartuak eta Muguruzak beren inkesta erantzun zutenei. Orotara, 850 pertsonak erantzun zioten ikerketaren egileek egindako galderari, eta herritar horietatik guztietatik gehienek baiezkoaren aldeko erantzuna eman zuten, ia 400ek, hain zuzen. Gainera, 200 lagunek prestutasuna agertu zuten hitanoa bultzatzen jarraitzeko.
Hitanoaren erabilera sustatzeko zer egin daitekeen galdetuta, denetariko erantzunak eman dituzte herritarrek: mintzapraktika programak bultzatu, hika hitz egiteko pintxo poteoak antolatu, tailerrak, dendetan zein komunikabideetan hitanoaren erabilera bultzatzeko kanpainak egin...
Orain, lehen faseak utzitako datuetatik abiatuta, ondorioen zergatia edo arrazoiak bilatzen hasiko dira Bereziartua eta Muguruza. Horretarako, bi iturritatik edango dute: norbanakoei egindako elkarrizketetatik eta prestatuko dituzten taldekako eztabaidetatik. Norbaitek azterketa horretan bere alea jarri, eta elkarrizketa egiteko prest balego, ikerketaren egileekin harremanetan jarri bezterik ez du, hitanoaz@gmail.com helbidera idatzita.
Garbiñeren eta Muguruzaren adierazpenekin, bideoa egiten ari dira Uztarria Komunikazio Taldea eta Urola Kostako Hitza.