Aspaldi ikusi gabeko lagun batekin egokitu nintzen lehengoan Azpeitian, eta hara non galdetzen didan xalo-xalo: "Hi, Pako, orain atera dekan liburu hori non erosi leike?". Erantzun niezaiokeen modurik zakarrenean, ebidentea dena esanez: "Liburuak non erosiko dira ba, liburu dendan ez bada?. Haragia harategian bezala, arraina arrandegian, ogia okindegian". Baina hitza hartzera nindoala oroitu nuen, bat-batean, gure herriko egia terriblea: Azpeitian ez dagoela liburu dendarik. Tira, Azkoitira joan zitekeen, pauso batera dago... baina han ere berdin: ez dago liburu dendarik. Tira, Zestoara joan zitekeen... baina han ere ez dago liburu dendarik.
Nire lagunaren galdera inozoak atzean ezkutatzen duen errealitatearen kontzientzia hartu nuen: gure herrietan hotelak, jatetxeak, tabernak milaka egonen dira, arropa dendak, auto garajeak, igerilekuak, kultur etxe ponposoak, baina ez dago, kasik, liburu dendarik. Inkesta xume bat egin nuen, bote-prontoan, nire lagun batzuen artean, erreportaje serio bat egin nahi gabe, lagin bat baizik, agertuko zuena Gipuzkoako zein herri dauden liburu dendarik gabe, eta hona zerrenda probisionala: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oiartzun, Hondarribia, Getaria, Billabona, Urnieta, Andoain, Urretxu, Lezo, Mutriku... 125.449 biztanle liburu dendarik gabe, eta gehiago izan litezke.
Irudika dezagun esaldi bera beste osagarri batzuekin: 125.449 biztanle ospitalik gabe, eta gehiago izan litezke. Edo: 125.449 biztanle autobusik gabe. Edo: 125.449 biztanle urik gabe... Larria, ezta? Liburuak eta ura,
ederra alderaketa, esango du norbaitek; baina ura daukagunean, bizirik irauteko, gero ez al diote liburuek beste kalitate bat ematen bizitza horri, beste edertasun bat? Ez al dira beharrezko? Nik aspaldi erantzun nion galderari, orain zure aukera da, irakurle.
Jarraitu artikulua irakurtzen, honako lotura honetan.