Urola Erdiko Merkataritza Mahaiak, eskualdeko merkatariei zuzenduta, eskualdeko merkatariei bideratuta, erretiroaren eta eskualdaketaren inguruko bi jardunaldi informatibo antolatu ditu. Bi saioak eskualdeko merkataritzan identifikatu diren bi beharri erantzuteko antolatu ditu Merkataritza Mahaiak. Horietako bat dagoeneko egin dute; hain zuzen ere, irailaren 27an egin zuten Sindikatu Zaharrean, eta merkatarien erretiroa izan zuten hizpide Azkoitiko, Azpeitiko nahiz Zestoako 30 bat merkatarik. Erretiro egoki kudeatzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, kontuan hartu beharreko aldagaiak eta xehetasunak azaldu zizkieten bertaratutakoei. Gainera, eskualdeko merkatariek zalantzak eta kezkak plazaratzeko aukera izan zuten.
Bigarren saioa Merkataritza: negozioen balorazioa eta eskualdaketa izenburupean egingo dute urriaren 25ean. Sindikatu Zaharrean izango da saioa, 14:30etik 16:30era bitartean, eta negozioen balorazio ekonomikorako irizpideak nahiz horiek eskualdatzean kontuan hartu beharreko xehetasunak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei. Kontzeptu teorikoak nahiz egoera praktiko eta errealak ezagutu ahal izango dituzte merkatariek, eta urriaren 23a, asteartea, baino lehen eman beharko dute saiorako izena. Edozein merkatarik izango du jardunaldian parte hartzeko aukera, merkataritza elkarteetako kide izan edo ez. PKF Attest aholkularitza enpresako Eunate Llonak gidatuko du jardunaldia.
Honako kontaktuen bidez eman beharko da saiorako izena:
- Azpeitia: bertan.azpeitia@gmail.com helbidera idatzi edo 688 82 39 44 telefonora deitu (Xabier Aldalur).
- Azkoitia: herrixen@hotmail.com helbidera idatzi edo 608 31 30 24 telefonora deitu (Sara Rodriguez).
- Zestoa: jjallur@siadeco.eus helbidera idatzi edo 678 08 53 87 telefonora deitu (Juanjo Allur).
Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, Dendartean Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomoen elkarteak, Azkoitiko Herrixen, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan merkatari elkarteek eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak osatzen dute eskualdeko Merkataritza Mahaia. Bilgune horrek eskualdeko merkataritza sustatzeko eragileen artean lankidetza proiektuak garatzen ditu, eta azken hilabeteetan hainbat egitasmo jarri du martxan. Besteak beste, eskualdeko kontsumo ohiturak ezagutzeko MerkaUrola azterketa egin du eta eskualdeko merkataritza sustatzeko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du.