'Lekaime'
40ko hamarkadan Hitlerrek eta Francok Hendaian egin zuten bileran oinarritutako filma da Xanti Rodriguezek zuzendutakoa. 17 minutu inguruko film laburra Handia pelikulako lantaldeko kide batzuen laguntzarekin grabatu du, eta Oihana Maritorena, Amaia Lizarralde eta Asier Hernandez dira aktoreak. Lanaren muntaia eta posprodukzioa joan zen uztailean bukatu zituen lantaldeak. Grabaketetarako lokalizazioak Azpeitikoak eta Donostiakoak dira. Lekaime Sitgeseko beldurrezko eta fantasiazko zine jaialdirako hautatu eta han estreinatu zuten, urriaren 7an; Azpeitian, berriz, hilaren 19an eman zuten, Soreasun.
'Korosagasti'
2017aren hasieran jarri zuten proiektua martxan. Beizamako krimenetan oinarritutako filma da Asier Sustaeta zuzentzen ari dena. Grabaketa aurreko fasean dago filma, eta 30 bat lagun aritu dira lanean: gidoia Alaitz Olaizolak, Asier Sustaetak eta Miren Gorrotxategik egin dute; arte zuzendaritzaz Itziar Elias arduratuko da; aktore zuzendariak Idoia Uranga eta Amancay Gaztañaga izango dira; jantzien ardura Xanti Alkortak izango du; irudi zuzendaritzaz Oihan Amezua, Oier Arregi, Saioa Murua eta Yuri Agirre arduratuko dira; ekoizpenean ari dira Nora Alberdi, Netzer Bereziartua eta Xabi Otamendi. 48 aktore ariko dira lanean, eta horietako asko bailarakoak dira. Urriko azken astean hasiko dira grabaketekin, eta otsailera arte ariko dira zeregin horretan. Azpeitian, Beizaman eta Azkoitian grabatuko dute filma, 31 lokalizaziotan. Udalaren Sormen Beka jaso du proiektuak.
'Irteera'
Jai karnabal arratsaldeko zezenaren irteeraren uneak jasotzen dituen lana Xanti Rodriguezek zuzendu zuen, sokamuturraren 500. urtemuga zela-eta sortutako Herri Batzordearekin elkarlanean. Joan zen urtarrilaren 27an aurkeztu zuten lana Soreasun egindako urteurreneko ekitaldi nagusian. Hainbat herritarrek parte hartu zuten zezenaren irteeraren aurreko eta plazara iritsi arteko uneak jasotzen dituen Irteera film laburrean.
'Annapurna II 1986' eta 'Ametsen Harria'
2017ko irailean Annapurna II 1986 dokumentala berreskuratzeko eta espedizio haren prestaketak azaltzen dituen ikus-entzunezkoa egiteko proiektua jarri zuten martxan Kulturaz kooperatibak eta Paradisu Zinema zineklubak. 86ko espedizioko ikus-entzunezkoa Agustin Arenasek zuzendu zuen, eta 30 urtera berreskuratu dute.
Bestalde, 2018ko urtarrila eta apirila bitartean egin zituzten Ametsen Harriaren grabaketak, eta posprodukzio lanak eginda, irailaren 14an estreinatu zuten lana. Ikus-entzunezkorako Annapurna II espedizioan parte hartu zuten kideak elkarrizketatu zituzten, eta lantaldea Yuri Agirrek, Agustin Arenasek, Ibon Gerrak eta Iban Izagirrek osatu dute.
'Zulo'
2017an estreinatu zuten Zulo film laburra, Lekeitioko Zine Bileran. Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Erika Olaizola azpeitiarrak ondutako lana da: beraienak dira lanaren ideia eta testua, eta beraiek aritu ziren zuzendari lanetan. Aktore ugarik parte hartu zuten 2016ko abendutik 2017ko urtarrilera bitartean egin zituzten grabaketetan, eta filmaren arlo teknikoa Taom produkzioaken ardura izan zen. Hainbat sari jaso du lanak, hala nola Lekeitioko Zine Bileran, Zinebin eta Huhezineman. Gainera, Laburbira zirkuiturako hautatu zuten lana.
'Kuraiosa'
Gai tabuak paintailaratuta emakumeen ahalduntzea sustatu nahi du Nora Alberdik grabatzen hasi aurreko prozesuan den dokumentalarekin. Ideia Herbehereetan zela otu zitzaion azpeitiarrari, eta Udalaren Sormen Beka jaso du lanaren proiektuari esker. Iraila bitartean gidoia osatzen aritu da Alberdi, eta abendua bitartean egingo ditu dokumentalerako elkarrizketak. Urtarriletik aurrera, berriz, performanceak. Ikasturte bukaerarako lana prest izatea aurreikusten du gazteak. Gradu bukaerako lana ere izango da Kuraiosa, eta Alberdik 11 emakume elkarrizketatuko ditu. Performanceak egingo dituen aktorea aukeratzeko casting-a egingo du.
Urola bailarako trikiti mugimendua
Trikigiro elkartea eta Kulturaz kooperatiba Urola bailarako trikiti mugimenduari buruzko dokumentala osatzen ari dira. Aurki egingo dute proiektuaren aurkezpena. Orain dela hilabete batzuk hasi zituzten grabaketak, eta hainbat lagun elkarrizketatu dute. Argazkian, Izer, elkarrizketa batean.