Joan den iraileko astelehen goiz arrunt batean, zurrupatu ohi dudan kafesneak abian nekez jartzen duen esnatzeko ahalegina erabat bizkortu zidan irratiko albiste batek: neuronen funtzionamendua kopiatuta, matematikan oinarrituta eta adimen artifiziala landuta, lexikotik, hitzetatik harago sintaxira eta semantikara salto egin omen dute, euskara-gaztelania, gaztelania-euskara itzultzaile automatiko zuzen, zehatz eta naturala sortzeko.
Sartu naiz demoa dagoen gunera (modela.eus/probatu.html), baina ez dabil. Hori bai, aurrez egin dituzten kontsultak irakurri ditut, eta itzulpen horiek egiteko gai bada, a ze trastea asmatu duten! Dagoeneko ez dugu Google Translate erabili beharrik izango dendako atean oharren bat eskegi behar dugunean, jatetxeek menua gaztelania hutsean ipini beharrik ez dute izango eta kaleko karteletan ez da akats gramatikalik edo ortografikorik egongo, ezta Udalaren jakinarazpenetan ere.
Izan ere, zein erraza den bere borondaterik onenarekin ordenagailura jo eta ateko kristalean tramankuluak emandako itzulpen barregarria jarri duenaren kontura trufa egitea, gaztelania hutsezko kartelak eta oharrak dauzkagun bitartean; edota, boteprontoan burura etorri zaizkidan "Gazteiz", "lehio" edo "ingurunmena" irakurri behar ditugunean, sarri majo kostatutako euskarrietan. Hara, ez dut nik herrian barrena gaztelaniaz idatzitakoetan "Bitoria", "bentana" edota "medio anmbiente" bezalakorik irakurri; auzo-lotsa sentitzen dugu uve baten ordez be bat irakurtzen dugun kasu urrietan. Aldiz, normalean, ez diogu garrantzirik ematen okerreko ese edo zeta bati, edo hatxe bat edo beste falta izateari; askotan, konturatu ere ez gara egiten; gehienetan (gehiegitan) bost axola, gainera. Horrela, natural.
Aipatutako dendariari baliagarria izango zaio itzultzaile berria; gainerakoek arreta eta borondate pixka bat jartzea nahikoa litzateke.