Bi solairuko tartea

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2018ko urr. 30a, 11:04

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2018ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Han zeunden. Etxe atarian, ateari begira. Giltzak bilatzeari ekin nion, eta barrura sartzeko metodo eraginkorrena nik nuela pentsatuta edo, zain geratu zinen. Portala ireki nuen. Ateari heldu nion, eta irribarre batekin eskertu zenidan barrura sartzen zinen bitartean. Igogailuaren zain geratu ginen, eta argitan, goitik behera begiratu zintudan. Arropa koloretsuekin zentozen, bero izan arren burua eta guzti estalita. Igogailuko ateak ireki eta nire solairua aukeratu nuen, keinu batez zurea sakatzeko gonbita eginez. Biari eman zenion, esku beltzaranarekin. Laugarrena gurea. Hitzik egin gabe joateko ere ez zen izango tarte luzea.

Eguraldiaz jardun beharrean, kanpotarra zinela ondorioztatu nuen. Pakistandarra, ziurrenik. Bizilagun berriren bat edo bigarrengokoen familiartekoa. Eskuinean bizi denaren ahizpa, seguruenik. Antza eta guzti hartu nizun. Beroa pasatuko zenuela ere ondorioztatu nuen, eta soinean zeneraman kolore festa 'normaltasunez' eramatearen inbidia sentitzeko beta ere hartu nuen. "Konbinatzen ez dudalako kritikatuko naute gero" pentsatzen ari nintzela, igogailuaren ateak ireki ziren. Irribarre batekin, "adios, hasta luego", esan nizun. "Agur. Hurrengora arte", erantzun zenidan, beste irribarre batez. Eta ondorengo bi solairutako distantzia ez zen nahikoa izan nire gizon-zuri-europarraren jantzia eranzteko. Aurreiritziz beteta irudikatu zintudan eta hizkuntza aukeratzeko aukera emateko gai ere ez nintzen izan.

Orain, Euskaraldian izena emanda, nire parte-hartzea sinbolikoa baino landu beharrekoa izango dela erakutsi didazu. Ea berriro bat egiten dugun eta eguraldiaz mintza gaitezkeen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide