Ikerketa zentro batean lan egiten duzu. Zer ezaugarri ditu hizkuntzari dagokionez?
Mundu osoko jendeak egiten du lan zentroan, eta lanerako hizkuntza ingelesa da –bilerak, e-posta mezuak eta abar–. Kafe garaian edo bazkaltzerakoan, ordea, gehien bat gaztelaniaz hitz egiten da; eta dezente gutxiago euskaraz. Bestalde, talde txikietan beste hizkuntza asko ere hitz egiten dira, hala nola errusiera, txinera, italiera, alemana... Aldiz, taldeko elkarrizketetan ia beti erdara nagusitzen da. Hori dela eta, sarritan, bi euskal hiztunek elkarrekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hartzen dute, eta euskal hiztunak bakarrik daudenean ere, sarritan gaztelaniaz hitz egiten da.
Zein izan da zure hizkuntza hautua Nanogunen, eta zer aldatzea nahi duzu Euskaraldiaren laguntzarekin?
Nanogunen pertsona berri batekin izaten ditudan lehen elkarrizketetan garbi adierazten dut ahal bada euskaraz hitz egingo dudala. Lehen egunetako elkarrizketak neurketa linguistikoa izaten dira, eta ondoren erabakitzen dut nola hitz egin: azpeitiarrez, euskara erdi-batuan, gaztelania eta euskara tartekatuta edo gaztelaniaz eta ingelesez. Neurketa noraino eramateko prest gauden da gakoa. Askotan, gaztelaniaz hitz egitera pasatzea da niretzat erosoena, nik gaztelaniaz beste pertsonak euskaraz baino errazago hitz egiten dudan kasuetan. Izan ere, nik euskaraz hitz egiteagatik harremanak modu desberdinean eta mantsoago garatzen dira. Dena den, herri euskaldun bateko bizilaguna izanda, uste dut badugula ardura bat euskara herritik kanpo ateratzeko eta zabaltzeko, nahiz eta horrek gure harremanak egiteko prozesuak mantsotu. Talde elkarrizketetan, berriz, ni bezalako pertsonak beharrezkoak dira, talde hizkuntza ahal den neurrian euskarara bideratzeko. Euskaraldia dela-eta aipatutako neurketa zaharrak berritzeko asmoa daukat.
Harreman hizkuntzaz hitz egin duzu, baina bestetik lan hizkuntza dago. Zer aukera duzu euskaraz lan egiteko?
Orain lan egiten dudan eremuan ez dut formazio handiegirik ez euskaraz eta ez erdaraz; zerotik ingelesez ikasi dut nolabait. Beraz, oso zaila egiten zait euskaraz edo gaztelaniaz hitz egitea edo idaztea. Bestalde, munduko toki desberdinetan lanean ari den jendearekin erlazionatzen naiz ia egunero, eta derrigorra da horiekin hizkuntza hegemonikoan hitz egitea, alegia ingelesez aritzea. Ondo legoke bai nik eta bai euskal gizarteak ikerketako gai jakinetan ere euskaraz hitz egiteko eta komunikatzeko gaitasuna izatea, eta gero kanpotarrekin komunikatzerako garaian erraztasunez igarotzea ingelesez aritzera. Alemanian, adibidez, halako asko ikusten dira: zientzia alemanez egiten dute, eta gero, trabak traba, kanpotarrei ingelesez trasmititzen diete informazioa. Euskararen kasuan, hortik oso urruti gaude, eta askoz ere lehenagoko lanketak baditugu egiteko.
Aukera horiek zabaltzeko ardura nortzuk dute?
Ardura, betikoa... Denok, bakoitza bere mailan. Erabakiak goitik hartu behar dira noski, baina behetik naiz erdiko gainerako mailetatik ere lana egin behar da. Erakundeek erantzukizun handia dute horretan; izan ere, asko hitz egiten da euskara erdigunean jartzeaz, baina hori benetan egin nahi bada, arlo askotan inbertsio serioak egin behar dira. Euskararen alde inbertitzea ez da soilik euskaltegiak eta halakoak finantziatzea; euskararen alde egitea da industrian, zientzian, hezkuntzan eta beste hainbat arlotan inbertitzea, egunerokoan hizkuntza horrek normalizazioa lor dezan.
Euskarak zer eskain dakioke ikerketa zientifikoaren munduari? Edo ikerketak euskarari?
Ikerketak gizartearentzat eta gizartetik egiten den zerbait izan behar du, gauza minoritario eta elitista bat izan beharrean. Gizartearengana iristeko eta gizartean zientziaren baloreak txertatzeko, garrantzitsua da zientzia gizartearen hizkuntzan, alegia euskaraz, sortzea; batik bat, dibulgazioari dagokionez.