Noiz eta nola hasi zinen euskararekin harremanetan?
Nire gurasoak Badajozetik etorri ziren eta gure etxean ez zen euskaraz hitz egiten. Ikasketak gaztelaniaz egin nituen, eta kuadrillan ere ez genuen euskaraz hitz egiten. 17-18 urterekin hasi nintzen euskaraz hitz egiten, hanka sartzeko lotsa hori gainditzen, edo hanka sartzeko beldurrik ez izaten, behintzat. Harrez gero, horrela jarraitu dut, pixkana-pixkana eta urteen poderioz, ikasi arte.
Zeure kabuz ikasi al zenuen ala euskaltegira joanda?
Hitz egiten-eta neure kabuz hasi nintzen. Esan bezala, kuadrillakoekin ez nuen aukera hori, baina emaztearekin eta haren kuadrillakoekin bai, eta haiekin hasi nintzen aurreneko urratsak egiten. Nik euskaraz hitz egiterakoan hanka sar nezakeen edozein unetan, baina hasierako urteetan beldur hori ez izatea eta kanpotik jasotako laguntza oso inportanteak izan dira niretzat. Gero, suhiltzaile izateko oposaketak prestatzerakoan PL2a atera nuen, eta hori lortu ondoren erabaki nuen EGArekin aproba egitea. Azpeitiko euskaltegira joan nintzen asmo horrekin eta EGA ere atera nuen.
Aipatu duzun hanka sartzeko beldur hori ez dute guztiek gainditzen. Nolakoak izan dira zure esperientzia eta parean egokitu zaizkizun solaskideen jarrera?
Hanka sartzeko beldurrak blokeatu egiten ditu ikasten ari diren pertsona batzuk, baina nik ez dut inoiz esperientzia txarrik izan. Hasieran bai pentsatzen duzula, "gaizki esaten badut, zer esango ote dit? Nola hartuko ote du?". Baina nik, behintzat, ondo hartu izan ditut beti zuzenketak eta zuzentzeko ahaleginak; neu naizen bezalakoa naizelako, agian. Baina ez bada hitz egiten, ez da ikasten; eta hemen, zorionez, euskara ikastea nahi duenak eskura dauka aukera.
Euskaraldian ahobizi rola hartu duzu. Zer irruditzen zaizu egitasmoa?
Euskara bultzatzeko beste egitasmo bat da, azkenean, eta nik parte hartzea nahi nuen. Laneko batek komentatu zigun Euskaraldiaren bueltan antzerki batean parte hartu behar zuela bere herrian, eta horrela izan nuen Euskaraldiaren berri.
Iurretako suhiltzaileen parkean egiten duzu lan. Zer hizkuntzatan dira lankideen arteko harremanak zuenean?
Denetik dago. Gure txandan, esaterako, bost lankideren artean beti euskaraz hitz egiten dugu, eta beste hirurek gutxiago hitz egiten dute. Guk euskaraz egiten dugunean ulertu, ulertzen dute, baina ez dira euskaraz egitera animatzen.