Euskaraldia

Erika Olaizola: "Hizkuntzarekiko kontzientzia izan behar dugu sare sozialak erabiltzerakoan"

Uztarria.eus 2018ko aza. 27a, 13:00

Sare sozialetan hainbat hizkuntza erabili ohi du jendeak, baina Erika Olaizola aktoreak (Azpeitia,1989) euskaraz egiten ditu argitalpen ia guztiak. Ahobizi rola hartu du Euskaraldian, eta sare sozialetan euskara erabiltzeak duen garrantziaz hitz egin du; bera da Uztarriaren Euskaraldiaren 11 ertzak serieko bosgarren elkarrizketatua.

Euskaraz idazten duzu sare sozialetan beti ez bada, ia beti. Zergatik?

Oso gertuko jendea da sare sozialetan jarraitzen dudana eta jarraitzen nauena: ofizioko jendea, lagunak, ezagunak... Eta eremu horretan, ez dut nire burua ikusten nire kontuen berri beste era batera ematen. Nire sare sozialek oihartzun handiagoa dutela edo beste publiko bati bideratuta daudela ikusiko banu, agian erdara ere erabili ahalko nuke euskararekin batera, baina, printzipioz, sare sozialak xume-xume erabiltzen ditudanez, euskaraz egiten dut beti.

Propio hartutako erabakia al da hori?

Ez da erabaki bat izan, oso modu naturalean atera zait. Erdaraz egin beharko banu, bai izango litzateke kontzientziaz egindako zerbait. Hori izango litzateke erabaki bat, bestela, Instagramera argazki bat igo behar badut, euskara erabiltzea oso modu naturalean ateratzen zait.

Zergatik da garrantzitsua euskaldunek sare sozialak euskaraz erabiltzea?

Uste dut hizkuntzarekiko kontzientzia izan behar dugula sare sozialak erabiltzerakoan. Jendea libre da nahi duen hizkuntza erabiltzeko, baina sare sozialetan badauzkat lagun edo ezagun batzuk pertsonaia publikoak direnak edo gazteentzat eredu direnak, eta ikusi izan dut horietako askok erdarara jotzeko ohitura dutela. Hori deigarria egiten zait, ikusita aurpegi ezagunak direla eta zer publiko duten atzetik. Zentzu horretan, uste dut kontzientzia bat eduki behar dela hizkuntzarekiko jendearentzat eredu zaren momentutik.

Zertan lagun dezake sare sozialetan euskara erabiltzeak?

Sare sozialetan nor jarraitzen dugu? Modu batera edo bestera, zuk jarraitzen duzun jende hori bada zure eredu, lagunak alde batera utzita. Normalean, famatuak diren pertsonak, zuretzat erreferenteak direnak... jarraitzen dituzu. Ziur aski, modu askotara dira erreferente, eta hizkuntza ere horren parte da. Erabiltzen dugun hizkuntza ere eredu izan daiteke besteentzat. Momentu batean erreferente baldin bazara eta euskara erabiltzen ari baldin bazara, hori da besteengana iristen dena. Hori komunikatzeko era bat da; zure idoloa euskaraz hitz egiten ikusten baduzu, euskaraz komunikatzen, euskaraz lan egiten, bere bizitzan euskara erabiltzen, ziurrenik horrek izango du eragin bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide