Bizitzako antzerkia

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2018ko aza. 27a, 11:51

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Biziraun, antzerkiari esker diraugu bizirik. Egunero jaiki orduko hasten da gure bizitzako funtzioa. Berdin samarra dirudien arren, berrasmatzen doan antzerkia da egunero egiten duguna. Egunerokotasunari koloreak eman nahian, oharkabean mozorrotzen gara batzuetan; nahita, berriz, beste batzuetan. Jolas horri esker estaltzen dugu monotoniaren monokromatikotasuna eta berrasmatzen ditugu existitzen ez diren koloreak. Eskerrak!

Erresilientzia dela diote adituek, aspaldi asmatutakoa eta denok jaiotzaz txertatuta daramagun zerbait bailitzan. Eta beno, bai, baliteke hala izatea. Kontua bizitzan nola edo hala aurrera egitea da, ezta?

Gurea krisiak astindutako herri bat gehiago da, eta ondorio tamalgarriak jasan dituena, beste askok bezalaxe. Baina herri honetan, herritarren erresilientziari esker, aurrera begiratu eta bizitza berrasmatzea lortu dute askok eta askok; beste askok, aldiz, ez. Eta aldaketen onarpena ezin eramanagatik, erresilientzia hautatu beharrean, antzerkia egitea aukeratu dutenak ere badira.

Bakoitzak ahal duena egiten du, modu batean edo bestean. Zein da ba nor bataren edo bestearen hautua epaitzeko, neurtzeko edo hatz puntarekin nabarmentzeko? Denak dauka guztiarekin zerikusia, eta kanpotik ikusten dugun antzerkiak, erresilientziak edo dena delakoak barne lanen, gaitasunen eta ezintasunen bat du arrazoi. Aurreiritziengatik ari natzaizue bai, denok baitugu aurreiritzien sarean harrapatuta geratzeko arriskua! Edo ez?

Bizitzaren telesaila

Denok denon berri dugulakoan gaude, eta Goenkale telesaila izango balitz bezala ikusten dugu bestearen bizitza, arinkeriaz eta aurreiritziz, topikoz eta tipikoz betea den telesail bat bailitzan. Ez zaio ez adar konturik eta heriotz tragikorik faltako, joera politikoak aipatu gabe, besteen bizitzaren telesailari. Eta atal erdirik galdu ez balute bezala hitz egiten edo jarduten dute "betikoak" diren batzuek, besteen bizitzako Wikipediaren jabe izango balira bezala...

Kontua da, norbera eta gertukoa den besteren bat kenduta, inork ez dakiela ezer besteen bizitzaz. Norberak ere, askotan lanak izaten ditu hartutako erabakien liseriketa egiterakoan, besteek hark zer jan duen jakingo balute bezala hitz egiten duten bitartean. Beraz, jarrai dezagun antzerkiarekin, edo ez: bakoitzak ahal duena egingo du eta ondo egongo da, eta... Show must go on!

Urrutiko lagun batek esaten zidan eskuekin zigi-zaga keinua eginez: "Interesgarria da bizitza horrela denean, ezta?". Azkar ulertu ginen elkar, eta baiezkoa eman nion. "Zigi-zaga" eta "horrela" esanahia adierazi ahal izango nuke, baina noberak atera ditzala horien esanahiak eta ondorioak. Nor naiz ba ni ezer esateko? Eta nor da ba beste hura bestearena epaitzeko?

Bakoitzak erresilientzia, antzerkia, mimika edo igeriketa sinkronizatua balia dezala bizitzaren olatuak gainditzeko, eta lixto!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide