Hamar euro merkeago

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2018ko aza. 28a, 11:03

Eneritz Albizuk Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Desorduetan bizi naiz, eta desorduetan bazkaldu ohi dut. Gaztelaniazko albistegiak laguntzen dit 15:30ak inguruan; ez nik nahi dudalako, beste lagunik izaten ez dudalako baizik. Kaso neurrian egiten diot, baina joan den egunean kontzeptu berri bat entzutean, plateretik altxatu nuen burua. Showroomingaz ari ziren. Itxura denez, hainbat sektore urtebete baino gehiago dabil gai horri tira eta bira, baina ni orain ere desorduetan... Zu ere hala bazabiltz...

Demagun herriko zapata denda bateko botak gustatu zaizkizula. Zer marka diren begiratu duzu, eta Internetera joan zara haien prezioa ikustera: "Hara, herriko dendan baino hamar euro merkeago, eta gainera doan bidaltzen dizkizute etxeraino". Horraino dena ondo, baina ez zaude ziur zer neurritakoak behar dituzun... 42 edo 43? Beraz, showrooming bat egiten duzu; alegia, dendara joaten zara, eta probatu egiten dituzu, dendan bertan erosteko asmorik gabe. Ondoren, saltzaileari esaten diozu ez zaizkizula asko gustatu, eta zast! Internetetik erosten dituzu botak. Ez dakit nongo periferiako biltegi batetik iritsiko dira, baina aizu, hamar euro merkeago!

Bada, dagoeneko zenbait dendari elkarte hasi dira pentsatzen arropak, liburuak, telefono mugikorrak... probatzea kobratu egingo dutela, bestela ezin zaiolako egoerari aurre egin. Izan ere, dendari txikiek ez dute gaitasunik Interneteko munstro horien aurrean lehiatzeko: lokala ordaindu behar dute, argia, ura, zergak. Baina dendari txikiek gaitasuna dute herriko erosleak mimatzeko.

Duela aste batzuk pijama bat erosi nion herriko dendari bati. Ez nekien seguru nolako pijama nahi nuen eta zer neurri beharko nuen. Dozena erdi pijama atera zizkidan kaxetatik, eta han ibili ginen; bat edo bestea, M edo L. Berarekin batera aukeratutako pijamarekin irten nintzen dendatik, familiaz eta asteburuaz hitz egin ostean. Hori da, hain zuzen, gure dendariek ematen digutena. Hortik eta horretarako bizi direlako ordaintzen dugu hamar euro gehiago.

Herriari kolorea jartzen

Ez naiz ni erosketak ez direla Internetez egin behar esango duena. Izan ere, nik ere gure amak nahi baino gehiago erosten dut sarean. Esan nahi dudana da balioa eman behar diogula herriko dendariek egunero jartzen duten borondateari; eta, gutxienez, errespetuzkoa dela herriko denda batean gustatu zaizun produktu hori bertan erosteko saiakera egitea. Herrian egin dezakezuna herrian egitea; beti ez bada ere, aldika-aldika. Eta, tira, horretara iritsi ezin badugu ere, behintzat, ondo legoke showrooming tankerakoak saihestea.

Dendariek bizitza ematen diote herriari. Beraien eguneroko lanari esker, herrian bertan ditugu behar ditugun produktuak eta zerbitzuak. 200 denda inguru egongo dira Azpeitian, eta horiek izaera ematen diote herriari. Bizimodu duina bermatzen digute, eta askotan apustu handiak egiten dituzte, pertsonalki eta ekonomikoki.

Badakizu zein den herri bat jendez husten ari denaren zantzu garbiena? Zalantzarik gabe, dendak ixtea. Eta hori sorgin-gurpil bat bihurtzen da. Dendek itxi egin behar dute bezerorik ez dutelako, eta herritarrak beste toki batzuetara joaten dira bizitzera, zerbitzurik ez dutelako. Baina, noski, horiek kontu potoloak dira, ezta? Nik Internetetik botak erosi nituen, besterik ez. Desorduetan, agian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide