Unibertsitatean hastearekin batera, zure ikasketa eremua aldatu da. Hizkuntzari dagokionez, ordea, zerbait aldatu al da?
Unibertsitatean ikasten hastearekin batera, euskararen erabilera txikiagoarekin egin nuen topo. Askoz ere gutxiago egiten da han euskaraz, eta egiten dutenek euskararen maila kaskarragoa dute, gainera. Pertsona batzuk saiatzen dira, baina akatsak egiten dituzte, esaterako, hika hitz egitean. Beste batzuek, berriz, ez dituzte bereizten ergatiboak. Horrez gain, euskarazko esaldiak ez dituzte ondo osatzen, eta gaztelaniaren logika erabiltzen dute askok.
Gaztelaniaz egiten dutenen aurrean, zein da zure jarrera?
Ahal dudanarekin euskaraz hitz egiten jarraitzen dut. Aurretik, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ikasi nuen, eta han guztiekin euskaraz egiten nuen. Unibertsitatean, berriz, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutelako edo hala nahi ez dutelako, askok gaztelaniaz egiten dute. Halakoetan, haiekin deseroso ez sentitzeagatik edota integratzeagatik, neuk ere gaztelaniaz egiten dut. Izan ere, antzematen dut askok behartuta hitz egiten dutela euskaraz. Gehienek joera dute gaztelaniaz egiteko, eta beharbada kutsatu egiten zait niri ere.
Unibertsitatean hasi zinenetik, aldatu al da zure hizkuntza ohitura?
Ez, ahal dudan guztiekin euskaraz egiten dudalako. Unibertsitatean badut lagun taldea, eta batez ere Urola Kosta ingurukook osatzen dugu. Guk, taldean, ohitura dugu euskaraz egiteko. Beste bat gasteiztarra da, baina hark ere euskaraz hitz egiten du. Beraz, nire lagun taldean beti euskaraz egiten dut, eta gainontzeko lagunekin baliteke gaztelaniaz egitea.
Zer aukera eskaintzen ditu unibertsitateak euskaraz aritzeko?
Unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, esaterako, EGAren baliokidea den titulua ematen die ikasleei fakultatuteak. Mondragon Unibertsitateak ziurtatu behar du ikasleak euskara maila hori duela, eta, horretarako, ikasketen amaieran, euskara azterketa bat gainditu behar du. Unibertsitateak, beraz, azterketarako laguntzen die euskara maila apalena dutenei.