Euskaraldia

Eneritz Aranburu: "Medikuak hizkuntza arrotz bat erabiltzen badu, umea ez da lasai egongo"

Uztarria.eus 2018ko aza. 30a, 11:59

Eneritz Aranburu.

Hiru seme-alaba ditu Eneritz Aranburu Segurolak (Azpeitia, 1981), eta haiekin medikuarenera joan izan denean, tarteka tokatu zaizkio euskara ez dakiten pediatrak edo erizainak. Hori aldatzea ezinbestekoa iruditzen zaio Aranbururi; bera da Euskaraldiaren 11 ertzak serieko zortzigarren elkarrizketatua.

Zertan eragiten dio haurrari euskaraz hitz egiten ez dakien mediku batekin egon beharrak?

Umeak ez du zer gertatzen ari den ulertzen, eta urduri jartzen da. Euskara entzuten duenean, askoz ere lasaiago egoten da. Nik neuk ere askoz lasaiago ematen ditut azalpenak euskaraz. Oso garrantzitsua iruditzen zait mediku euskaldunak egotea osasungitzan. Izan ere, momentu batzuetan ezinbestekoa da medikuarenera joatea; haurra joaten da, baina derrigorrean, eta gainera, medikuak hizkuntza arrotz bat erabiltzen badu, umea ez da lasai egongo.

Nola erreakzionatu ohi du umeak gaztelaniaz egiten badu medikuak?

Umea askoz ere urduriago egoten da, nabaritzen da hizkuntza badela eragiten dion faktore bat. Txikiak direnean ezin dute esan, baina helduagoak direnean, zera esaten dute: "Nahiago dut euskaraz baldin badaki medikuak". Alergologoarena joaten da seme-alabetako bat –erdalduna da alergologoa–, eta hara joandakoan, ez du hitz egiten. Ez da ausartzen ezer esatera; agian, niri hitz egiten dit belarrira. Interesgarria izango litzateke umeak ere hitz egitea, berak esateko zer sentitzen duen.

Zer egin izan duzu mediku erdalduna tokatu zaizunean?

Frantzian gertatu zitzaiguna dut gogoan. Umea ingresatu beharra eduki genuen, eta ez zuen ezer ulertzen frantsesez. Denbora guztian medikuak esaten zuena azaltzen nion nik umeari, eta beraiek harritu egin ziren: "Zergatik egiten duzu hori? Ez daukazu hainbeste azaldu beharrik", esan zidaten. Eta erantzun nien: "Ba umea lasaitzeko". Molestatu izan dit halakoak entzun beharrak. Eta nik uste dut hemen ere horrelako kasuak gertatuko direla.

Egoera deserosoak bizi izan dituzu, beraz.

Bai, baina ez dut inoiz ere kexarik jarri. Euskalduna ez den mediku bat tokatu zaidanean, beti saiatu naiz umea ahal den erosoen sentiarazten.

Garrantzitsua al da umeak zer gertatzen ari den ulertzea?

Bai. Medikuak haurrari begiratu bakarrik egin behar baldin badio ere, medikuaren espazioan sartzen da umea, arropak kendu behar ditu, "zergatik ari zait hau egiten?" galdetzen du... Nik zer gertatzen den azalduta lasaitu egin ohi da umea, baina gauza bera medikuak azalduko balio, askoz ere hobeto izango litzatekeela uste dut.

Oraintxe arte pediatra erdaldun bat egon da Azpeitian, eta orain denak euskaldunak dira. Garrantzitsua al da horrelako pausoak ematea?

Oso garrantzitsua. Errealitate ezberdinak daude, baina Azpeitian familia asko gaude euskara bakarrik erabiltzen dugunak, eta gure eskubidea da osasun zerbitzuak euskaraz jasotzea.

Oztopoak ba al daude oraindik?

Azpeitian pediatra denak euskaldunak diren arren, espezialista batengana edo Zumarragako Ospitalera joatea tokatu zaidanean, oztopoak aurkitu ditut. Guri tokatu zaizkigu, behintzat. Ideala izango litzateke mediku denek euskaraz jakitea. Nik ama bezala azaldu dezaket gutxi gorabehera zer pasatzen zaion haurrari, baina askoz hobeto izango litzateke berak ere hitz egitea. Eta horrez gain, hobeto sentituko litzateke medikuak ez balu hizkuntza arrotz bat erabiliko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide