Dakitenek diotenez, jakituria eza da ausardiaren ama. Jakin badakit gutxi dakidala, eta zekien hark zioen bezala, nire jakituria txikia elikatzen hasi orduko jabetzen naiz nire jakituria zein urria eta eskasa den. Badakit, baita ere, hemendik aurrerako hizki jarioak gizakiaren etorkizunean eragin ahula izango duela, baina zutabetxo honi esker, barruan dudana husteko aukera aparta dut. Dakitenek uztarriaterapia deitzen diote.
Dakitenek jakingo dute, baina ontzat jotzen diren portaera edo irizpide askorekin ez nator bat. Iruditzen zait arazoei aurre egin beharrean, arazoei ihes egitea hobesten dela. Borrokatzen irakatsi beharrean, izkin egiten irakasten digutela. Eta arazoak alfonbra azpian gordeta, denbora batez ezkutatuko ditugu, baina konpondu ez. Horregatik, jakituria urriko ausarta, erratzaren eta fregonaren aldekoa naiz.
Dakitenek, ezer gutxi dakien Urbietak baino dezente gehiago dakite. Baina Urbieta asko harritzen da goxotasunean besteen erabakiekin eroso sentitzen direnen patxadarekin. Ez naiz kontu hauetan aditua, baina nire harridura erakutsi gabe, ezin lasai bizi. Zergatik errealitate gordinari ihes egiten saiatu, errealitate hori beti hor egongo dela jakinda? Esate baterako, zergatik mugikorrak haurrengandik urrundu? Zergatik haurren partidetako emaitzak ez jakinarazi inor ez mintzearren? Nire uste apalean, askoz ere hobe da egunerokoak aurrean jartzen dizkigun hesiei aurre egiten erakustea; ez utzi gerorako. Arkatza ere tresna arriskutsua zen inkisizio garaian! Mikel Aranburuk ere partida asko galdu zuen –entrenatzaile kaxkarra–, baina kirolari eredugarria izan da. Eroso eta gozo zorionaren antonimo direla uste dut, zoriona arazoei aurre egiteko kemenaren sinonimo delakoan.