Azpeitia, arnasgunea

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2018ko aza. 30a, 12:53

Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Zeren arnasgunea da Azpeitia? Jakina, euskararena. 1985. urteko udan zapaldu nuen lehenengoz Euskal Herriko lurra, artean euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez komunikatzeko gai ez nintzela. Euskara ikasten ari nintzen, baina ozta-ozta hitz egiten nuen, eta entzumena eta ulermena ondo landu gabe nituen. Donostiako lagun euskaldun batzuekin ibili nintzen, bi aste pasatu nituen.

Egun haietako batean, oparien bila joan nintzen bakar-bakarrik Alde Zaharrera. Egarria neukan, eta taberna batera sartu nintzen. Euskaraz, hala esan nion tabernariari: "Mosto bat, mesedez" –artean ez nekien ardoaz gozatzen–. Tabernariak ulertu zuen, baina erdaraz erantzun zidan: "Si, ahora mismo, señorita" –artean señorita deitzen zidaten–. Sartu nintzen dendetan eta gainerako tabernetan ere, antzera edo okerrago; zenbait dendarik ez zuen ulertu ere egiten. Eta desesperatzen hasi nintzen. "Euskarak ez badu balio kalean erabiltzeko, zertarako ari naiz ikasten?", galdetu nion neure buruari.  Euskara ikasteari uzteko erabakia hartzear egon nintzen, baina lagun batzuk baneuzkan euskaraz hitz egiteko, eta muzin egin nion alboratzeari.

Gerora ere, leku askotan desesperatzen nintzen: adibidez, denek euskara zekiten lagun euskaldun baten etxean batere ez zuten erabiltzen; edo Lazkaoko euskaltegiko ikasleok afaria izan genuenean, inork ez zuen euskaraz jardun... Zinez egoera negargarria gure euskara maitearena!

Euskal Herrian leku askotatik pasatuta, 1995ean, azkenean, Azpeitira iritsi nintzen, Tokion ezagutu nuen Iñaki Beobide azpeitiarrari eta haren familiari esker. Han aurkitu nuen benetako euskararen arnasgunea; izan ere, Azpeitian une oro lasai asko bizi naiteke euskaraz. Orain lagun handiak ditudan Koldori eta Olatzi esker jarraitzen dut Azpeitira joaten, eta hor naizen bakoitzean euskaraz bizi ahal izate horrekin gozatu egiten dut. Esker anitz, Azpeitia!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide