Zein da euskararen egoera justizia administrazioan?
2005ean hasi nintzen justizian lanean, hemen, Azpeitian. Azpeitira etorri nintzen, herri euskaldun batera, eta epaitegietan ez zegoen jendearekin euskaraz hitz egiten zuen inor. Langile bakarrak zeukan hizkuntz eskakizuna. Beste batzuek ere, agiririk izan ez arren, bazekiten euskaraz; baina bezeroekin lehen hitza beti-beti izaten zen erdaraz.
Eta gaur egun?
Hori guztiz aldatuta dago. Orain, gehienek daukate hizkuntz eskakizuna. Euskaldunzahar asko ari da lanean, beste langile batzuek ahalegin handia egin dute euskalduntzeko, eta gaur egun haiekin ere euskaraz egin daiteke. Azpeitiko Epaitegiei bi epaile dagozkie, eta momentu honetan, epaileetako bat euskalduna da; bestea ez da euskalduna, baina euskalduntzen ari da, euskaltegian.
Nik Donostian ere egin izan dut lan, eta han bestelakoa da egoera. Epaile gutxik dakite euskaraz. Lankideek ahalegin handia egin dute eta gaur egun menperatzen dute euskara. Baina, hori esanda, euskararen egoera kolokan dagoela ere esan behar dugu. Murrizketak ailegatu zirenean, lehendabiziko biktima euskara izan zen. Hamalau trebatzailek osatutako kontsulta zerbitzu bat zegoen; hizkuntza aldetik zalantzak genituenean, haiengana jotzen genuen. Murrizketekin, trebatzaile guztiak gelditu ziren kalean. Zalantzak argitzeaz gain, euskara eskolak ere ematen zituzten trebatzaile haiek, maila ezberdinetan, astean behin, barruti juzidial guztietan.
Zeinek hartu zuen erabaki hori?
Epaitegietako langile gehienak Eusko Jaurlaritzaren langileak gara. Eraikinak eta langileak Eusko Jaurlaritzarenak dira; epaileak eta idazkariak ez, horiek Espainiako Estatuaren mendeko langileak dira. Orduan, trebatzaileak Jaurlaritzak azpi-kontratatutakoak ziren. 2010-2011 urteen bueltan kendu zituzten hizkuntz trebatzaileak, Patxi Lopezen gobernuaren garaian, baina atzetik etorri den gobernuarekin berdin mantendu da egoera. Esaten dute Jaurlaritzaren teknikariek bete dezaketela lan hori, baina haiek ez daude espezialduta; besteak, aldiz, euskara juridikoan adituak ziren. Egun hauetan, Eusko Jaurlaritzakoak Euskaraldiaren txapa jantzita ikusten ditudanean, ba... Argazkia ateratzeko prest daude, baina gero, euskararen aldeko neurri eraginkorrak hartzeko, ez daude prest. Horretarako ez dago dirurik. Euskara ikasteko liberazio partzialetan ere, lehen ordezko langileak jartzen zituzten eta orain ez.
Herritarrek justizia administrazioan euskaraz egiteak, justizia administrazioari euskara eskatzeak, zaildu egiten al ditu prozedurak?
Izapideetarako gure hizkuntza gaztelania da, bai. Demanda batzuk aurkezten dira euskaraz, baina kasu horietan ere tramitazio osoa gaztelaniaz egiten da. Gure ereduak, gure idazkiak, bi hizkuntzetan daude, baina langile batzuen joera da gaztelaniaz bakarrik egitea. Bestela, itzuli egin behar duzu: euskaraz egiten baduzu itzuli egin behar duzu gaztelaniara, edo alderantziz. Eta alderantziz egitea da militantzia; batzuk saiatzen gara agiri guztiak bi hizkuntzetan aurkezten. Euskara hutsean, ordea, ez da egiten. Kasu askotan, epaileek ez dakitelako euskaraz. Eta zenbait kasutan bai gertatzen dela epaileak demanda bat euskara hutsean aurkeztu dela ikustea, eta gaizki hartzea, nahiz eta itzultzaile zerbitzutik bueltan berak gaztelaniaz jasoko duen. Horrek berak prozedura luzatu egiten du, adibidez. Denetarik dago, e, baina horrelakoak ere bai.
Nolakoak dira zuenean lankideen arteko hizkuntz ohiturak? Euskara erabiltzen al duzue?
Bai, euskara erabiltzen dugu, gaur egun normalena da euskaraz hitz egitea. Batzuetan gertatzen da, lankide batekin hasierako harremana erdaraz egin zenuela, eta erdarara jotzen jarraitzen duzula harekin, orain euskaraz badakien arren, inertziagatik. Alde horretatik, iruditzen zait ondo datozela Euskaraldia bezalako ekimenak. Baina Azpeitiko Epaitegietan euskara entzutea arrunt bilakatu da.
Herritarren pertzepzioa zuen ohituren maila berean aldatu al da? Epaitegiak gune erdaldunak izan dira beti, eta...
Jendeari eskatuko nioke epaitegian euskaraz hitz egiteko. Bezero askok pentsatzen dute giro erdalduna aurkituko duela han, baina ez da horrela. Bezeroek zuzentzen dizuten lehen esaldia gaztelaniaz bada, horrela jarraitzen duzu zuk ere, eta baliteke mostradorearen aldeko bi pertsonak euskaldunak izatea.
Ahobizi rola hartu duzu Euskaraldian.
Ahobizi, bai, ausarta! [barrez]. Euskaraldiak oporretan harrapatu nau eta, beraz, ez dut izango aukerarik nire rola lanean praktikan jartzeko. Egitasmo oso interesgarria iruditzen zait Euskaraldia. Agian, leku guztietan ez da beharrezkoa, baina beste leku batzuetan bai. Ni Portugaletekoa naiz eta Portugaleten esperientzia hau oso interesgarria izango da, batik bat, euskaldunak direnak identifikatzeko. Batzuetan, pentsatzen dugu giroa oso erdalduna dela, baina euskaldun asko ere badaude, gero eta gehiago. Azpeitian, epaitegietan ere antzeko efektua izan dezake; egunotan hara joaten direnek langileak txapak jantzita ikusten badituzte, jakingo dute aurrerantzean haiekin euskaraz egin dezaketela. Ez dakidana da horrela ote dabiltzan, txapekin, neu ez naiz-eta lanean izan egun hauetan. Badakit, ordea, lankide askok egiten dutela lehen hitza euskaraz beti, Euskaraldia izan ala ez izan.