Euskaraldia antolatzen ari zara Zangozan. Nolako harrera izan du egitasmoak han?
Ez du izugarrizko erantzunik izan. Zangozarrek esaten dute izena eman dutenak baino euskaldun gehiago bizi direla han. Zenbatek eman zuten izena ikusi nuenean, ez nuen jakin esaten asko edo gutxi ziren; ezjakintasun sentipenarekin geratu nintzen.
Zein da euskararen hango egoera?
Hemen oso gutxik hitz egiten dute euskaraz. Herrian ikastola dago, eta inguruko arnasgune bakarra hura dela esango nuke. Izan ere, kalean oso gutxi entzuten da euskara. Bi Haizetara euskara taldeko edo ikastolako umeak ez badira hitz egiten ari direnak, oso zaila da euskara entzutea Zangozan.
Nafarroan, hango gobernuak ezarritako eremu mistoan dago Zangoza. Horrek izan al du eraginik Euskaraldia antolatzeko orduan?
Euskararen erabilerak normalizaziorako bidean egon beharko luke, baina euskararekiko dagoen babesa urria da han. Izan ere, besteak beste, erakundeek babes handirik ez dute erakusten. Zangozan, AEK, ikastola eta euskara taldea izan dira egitasmoa finantzatu dutenak.
Nolako kontrastea antzeman duzu Azpeitiaren eta Zangozaren artean?
Kontrastea ikaragarria da. Zangozan zer moduz nagoen galdetzen didatenean, beti esaten diet beste errealitate bat dela hangoa. Sentipena dut Espainian nagoela, baina Euskal Herrian nago, eta euskararekiko dudan atxikimenduak bultzatuta, Euskaraldia hasi baino lehen ekin nion ariketa hori praktikatzeari: Zangozara etorri nintzen momentutik, kafea euskaraz eskatzen dut, erosketak euskaraz egiten ditut...
Ahobizi rola hartu duzu Euskaraldian. Desberdintasunik nabari al duzu bi herrietan rol hori jokatzerako orduan?
Egia esan, txapak oso gutxi ikusten dira Zangozan, eta, gutxieneko jarrerarik ez baduzu behintzat, zaila da rola aurrera eramatea. Zangozan antolatu ditugun ekintzetan jende gutxi ari da parte hartzen. Aurreko batean, hiru pertsona joan ginen mendi irteerara, bi ahobizi eta belarriprest bat. Belarriprestarentzat izugarrizko esperientzia izan zen hura, beste biok euskaraz egiten genuelako. Zenbait unetan, esandakoa gaztelaniara itzultzen genion guk hari. Halako gauza txikiekin pentsamendua aldatzen hasten bagara, Euskaraldiak dituen helburuak beteko genituzke.