Udazkenak?

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2018ko abe. 5a, 10:42

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Galdera zailik ez dago, erantzunak dira zailak", zioen bertsolariak. Eta arrazoi zuen. Galderen gotorleku izan ohi da udazkena. Eta udaberriak norbera loratzeko gaitasuna duen moduan, udazkenak badu gure distira ahultzekoa. Barrura begira jartzen gaitu, inausketa pertsonal baten modura. Errutinara buelta, txankletak gordetzetik oheko maindire lodiak aldatzerainoko prozesua, ohikoak baino ugariagoak diren ile matazak dutxako isurbidean... Aldaketa ugari eta galdera pila.

Iraganari begiratu behar izan diodan urteetan, "nondik nator?" galdezka pasatu dut udazkena; etorkizunari begiratzeko moduan nintzenetan, "nora noa?" izan da premisa; baina udazken honetan galdera batek erdibitu nau: "Zer zara?", galdetu zidan duela gutxi ikasle batek. Erantzunik ez nuenez, udazken honetako galdera bihurtu dut. Aitortu behar dizuet, etiketen aurka dudan auzi honetan nire burua etiketatu ezinak ezinegona sortu didala. Zerk definitzen gaituen definitu beharko dut lehenengo. Sexuak? Generoak? Lanbideak? Ikasketek? Zaletasunek? Harremanek? Ideia politikoek? Eta ondoren, aukeratutako alderdi bakoitzaren piezekin puzzlea osatu.

Galderen aurkikuntzaren eta erantzunen bilaketa artean, Garagardo Azoka amaigabeko udazkenak izan ditut, baita Antzerki Topaketetan komedietara bakarrik joaten nintzenak ere. Gure herriko udazkenak badituelako eguneroko zurrunbilotik ateratzeko aukerak. Aurten, ordea, psikologia positiboko formazio bat dakar herrira San Martin hegoak, eta galderak galbide ez izateko modua izan daiteke hori; beldurrik gabe barrura begiratzekoa, horretarako hartu ohi ez dugun beta hartzekoa. Galdera bat egingo dizut, irakurle: zenbat denbora eskaintzen diozu erantzunak aurkitzeari?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide