Okupatzea bi gauza izan daitezke gutxienez, eta oso bana gainera: edo indarrez eta armaz lurralde bete bat menderatzea, edo etxe huts bat betetzea eta biziberritzea. Bien arteko alderik haundiena da aurrenekoaren funtsa jabetzea dela, eta bigarrenean, berriz, jabetasunaren logikatik kanpora gaudela. Bigarren okupatze modu hau bizitza berri bat sortzearen pareko zerbait izan liteke, eta horregatik esaten bide da zubereraz oküpatü haurdun gelditzea adierazteko.
Jabetasunik gabeko okupazioak ez dira denak berdinak, eta hori Loiolan ikusten da ondoena: batetik dago Santutegia edo dena delakoa, ondasun publikoa dena baina sekta inaziotar ahaltsuaren esku dagoena, mundu guztiaren (ez gure) onespenarekin; bestetik dago aspaldiko trenaren geltokia, eta han kuadrillatxo xume bat bizi da, ez mundu guztiaren (bai gure) onarpenarekin. Hemen ere garbi ageri da mundua lapur haundiena dela. Eta oso garbi ageri da “okupen kontra” dagoen jendea okupa txikien kontra dagoela zehazki, eta okupa haundien alde zehazkiago.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.