Miel Angel Elustondo: "Josi dudan bidean barna egitea dut lana"

Berria 2019ko urt. 2a, 08:30

Miel Angel Elustondo (Susa)

Izaskun Arrueren urratsen atzetik liburua idatzi du Elustondok. Gasteizko "euskara jendearen" irudia osatu du, Arrue abiapuntutzat hartuta. Jasotakoarekin dokumental bat ere egitea badarabil buruan, eta Berria egunkariak elkarrizketa egin dio idazle azpeitiarrari.

Arabako lehen andereñoa izendatu zuten Izaskun Arrue. Zenbait gurasoren nahiari erantzun, eta eskolak euskaraz ematen hasi zen, 1963an. Etxean, hasieran. Beste hainbat lekutan, gero: Olabide ikastolan, Irakasle Eskolan… 2016an zendu zen. Miel A. Elustondok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958) Arrue ardatz hartu du gerra aurretik 1975.era arte Gasteizko “euskara jendeak” josi zituen sareak biltzeko, Izaskun Arrueren urratsen atzetik liburuan. Berria egunkariak honako elkarrizketa hau egin dio azpeitiarrari:

Izaskun Arrueren urratsen atzetik da liburuaren izenburua. Nora eraman zaituzte urrats horiek?

Batetik, 1963ko abenduaren 4an haur eder haiek Izaskun Arrueren etxera eraman zituzten gurasoetara. Bestetik, guraso horien peskizan, 1933ko Euskal Eskolara heldu naiz, lehen ikastola hartara. Hango bi ikasle bizirik ditugu oraindik: Andoni Perez Cuadrado eta Peli Romarategi. Haien lekukotasuna abiapuntu hartu, eta gerra ondora zubia egin dut, Andoni Urrestarazu Umandi-ren eskoletara. Umandiren ikasle Jose Antonio Arriolak, berriz, 1941etik 1963ra bitarteko aldia entenditzen lagundu dit.

Izaskun Arruek Olabide Ikastola utzi arteko garaira iritsi zara.

Bai. Tartean, Peli Martinen familiak eskura jarritako idatzi urregorrizkoa eta Pakita Abaituak emandako testigantza izan ditut. Horrekin batera, Izaskuni egindako elkarrizketak. 2000. urtean izan nintzen berarekin estreinakoz, eta, harrezkero, bi elkarrizketa formal egin nizkion. Kalean fortunatu eta hitz egin, berriz, behin baino gehiagotan. Izaskunen lehen ikasle izandakoak ere hortxe izan ditut, berriemaile eskuzabal. 1967an, bestalde, Gasteizen dugu Eusebio Osa, Teologia ikasle gazte kuadrillarekin. Osaren alargun Arantxa Uribarrik eta ikasle gazte haiek emandako informazioa ere zinez baliagarria izan zait.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide