Aurreko atalean –Irati: hain hurbil, hain urrun–, Iratin igarotako istorio bat ezagutzen nuela nioen. Istorio bitxi bezain interesgarria, Pellok bizi izan zuena, gure Robin partikularrak.
Horrela kontatzen du berak: "Obreran –gaur egungo Lan Mobel– egiten nian lan, eta lan eta diru arazorik ez nian. Baina barruak, erraiak, ez nitian gustura. Nazkatuta eguneroko errutinarekin. Ze irtenbide daukat nik? Etengabeko borroka nire buruarekin, etengabekoa. Erabakia hartu aurretik, ordea, zenbat zalantza, zenbat buru-jate, zenbat galdera. 'Potroik' izango diat urtebete irauteko basoan?".
Duela ia lau hamarkada jazotako kontua da. Udazkenetik udara, Iratiko basoan egon zen bakartua, esperientzia pentsa ezina dena edonorentzat.
–Baina, justu Iratira joateko arrazoia?
–Basoa, mendia, natura... zoriontasunarekin lotzen nitian, dizkiat. Asetuta sentitu nauk beti. Alde batetik, abentura bat bizitzeko gogoa, grina. Bestetik, erronka bat huan neure buruarekiko. Garaioako apaizak, Koldok, txabola bilatzen lagundu zldaan. Euskararen eta bailarako etorkizunaren alde lan asko egiten zian. Hark aholkatuta, Guardia Zibilaren koartelera hurbildu ninduan, nire asmoen parte ematera.
Beste garai batzuk ziren. Sorbaldetan urte batzuk ditugunok badakigu 'España' eta 'Francia' arteko muga inguruak zer arrisku zuen. Eta Pelloren txabola mugan ber-bertan zegoen. Orbaizetatik bederatzi kilometrora, 225 mugarri famatuaren ondoan, baso-basoan.
Artzainak, "aktore printzipalenak"
"Zenbat mugalarik erabili ote zuten eremu hura...", dio Pellok.
Kontua da, momentuan ez, baina hurrengo egunean brigada txabolara joan zitzaiola, baimenarekin. Tarteka-marteka patruilaren bisita nozitzen zuen, eta Pellok, maltzurkeria pittin batez, ateratako argazkiak zintzilikatuta zituen ikusgai, beha eta froga zezaten, aitortutakoa egiten ari zela: lau urtaroetan atera argazkiak, eta gero ikus-entzunezko ekoizpena egin, hainbat antzoki edo forotan erakusteko.
–Eta urtebete horretan, ingurukoekin harremanak izango hituan, bada?
–Begira, nik basoa asko baloratzen diat. Eta baloratzen ditiat izugarri, baita ere, handik bizi direnak, han lana egiten dutenak. Zentzu horretan, niretzat artzainak aktore printzipalenak dituk.
Harreman guztiz interesgarriak eta xarmangarriak bizi izan zituen Pellok. Artzainak, basozainak, urtegiko arduraduna, Orbaizetako ola zaharreko familia –tragedia beldurgarriak hain zuzen jo zuena, Pellok ezagutu eta lau urtera–... Denak zituen, ditu, gogoko.
Kontaketak, ordea, hurrengoan jarraitu beharko.
Ene bada, ia abizenaz ahaztu! Arenas, Pello Arenas, bai, geroztik Xoxoteko aterpetxean hainbat urtetan arduraduna izana eta gaur egun erretiroa hartua, Loiolako parkean ikusten duguna pasiatzen, Axun bikotekidea lagun duela. Pello Robin Arenas eta Irati.