To be or not to be

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko ots. 19a, 12:23

(Olatz Aguado)

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Inork galdetu gabe, lehenik txakur bat, eta gero beste bat; eta azkena, hamar urtez zaindu behar izan nuen. Denera, hogeitaka urte. Denborarekin eta distantziarekin ikusita, beharbada, behar baino lehenago eman zidaten izaki bizidun zoragarri haien zaintza eta horrek dakarren erantzukizuna. Baina izaki bizidun haiei esker ditut orain ditudan oroitzapenak eta iritzia.

Aditua ez naizen arren, txakurrei esker, eta batzuetan horien erruz izandako bizipenak tarteko, hartu dut eskarmentua. Horregatik, txakurrak izango dira gehien ezagutzen ditudan animaliak. Jarraian esan nahi dudana ulertzeko, txakurrekin enpatizatzea eskatzen dizuet.

Imajinatu goizeko seirak direla, eta badaramatzazula bi edo hiru ordu maskuriko eta esteetako bultzakadekin; eta nagusia, berriz, lo. Edo, imajinatu seirak direla, lo zorroan zaudela, nagusiak goizeko seiretan sartu behar duela lanera, eta batere beharrik gabe, pixa eta kaka egitera behartzen zaituela. Noiz, eta goizeko bostetan, artean pixa eta kaka kanporako irteeratik urrun daudenean. Baina berdin dio, bai ala bai barruko betegarria kanpoan utzita etxeratu behar duzu.

Imajinatu, azalpenik eman gabe, orduak eta orduak uzten zaituztela etxean bakarrik, edo are okerrago, porlanezko lurra duen lantegiko biltegian zaudela. Orduak eta orduak... izurrai!

Imajinatu honako galdera hau egiteko gai izango balira: "Zer dela-eta nago ni hemen? Zein da nire tokia etxe honetan –munduan ez esaterren–?". Beharbada, ez dira beren buruari galdetzeko gai izango, baina bai bakarrik egoteagatik estresatzeko edo goibeltzeko.

Imajinatu, halako batean, nagusia etxera itzuli dela, eta hura agurtzerakoan, pozarren, pixa ateratzen zaizula eta errieta egiten dizula. Jaten eman, korrika eta presaka etxetik atera, eta betiko buelta; betiko usainak usaindu ostean, berriro etxeratu egiten zaituzte. Zertarako? Berriz ere zain egoteko. Zer dela eta? Auskalo.

Eta paseora ateratakoan, zer? Lotuta egon behar, gainera! Joe, korrika egin nahi eta ezin; beste zakurren bat agurtu nahi, eta bi nagusiak ondo moldatzen ez direlako, tira sokatik, eta aurrera joan behar... Izurrai, berriro! Gogorra da gero herriko txakur askoren eguneroko martxa. Ez iruditzen?

Aholku pare bat

Hala ere, badira familiako kide diren eta pixa zein kaka berdin-berdin egin beharra duten zakurrak. Manikura eta pedikura egin eta koloretako pentsu makrobiotikoa jan arren, galdera bera egin dezakete horiek ere: zer kristo pintatzen dut nik hemen? Edo ingelesa bada: to be or not to be, that is the question.

Badira zoriontsu diren txakurrak: ondo heziak, maitatuak eta zereginak dituztenak. Hala ere, etxebizitza batean gizakiekin elkarbizita, beren baldintzak eta beharrak ez direla aintzat hartzen uste dut. Bukatzeko, nahiz eta nire asmoa ez izan leziorik ematea, nire esperientziatik, aholku pare bat ematera ausartuko naiz.

Bat: txakur bat etxera ekarri aurretik, hausnartu zertarako ekarriko duzun, zenbat denbora duzun hari eskaintzeko, zenbateko kostua duten albaitariari egin beharreko bisitek, txertoek, aseguruak, ebakuntzek, oporrak nola baldintzatzen dituen, zer biziraupen duen... Baina batez ere, zein izango den zakur horren zeregina. Eta bi: gure herrian, aurreko baldintzen erdiak betetzen ez dituzten txakurrak izango ditugun arren, korrika libre egiteko eta beste zakurrekin jolasteko edo horiek usaintzeko espazio bat izan dezaten eskatzen dut. Zer gutxiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide