Enpresekin landuko diren proiektuak onartu ditu Urola Erdiko Enpresa Guneak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko ots. 22a, 15:45

2019an eskualdeko enpresei zuzenduko zaizkien proiektuak erabaki, haien jarraipena kudeatu eta egitasmo proposamen berriak aztertu zituen atzo Urola Erdiko Enpresa Guneak, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako ordezkari politikoekin eta Iraurgi Berritzeneko enpresa arloko lantaldearekin egindako bileran.

Horrela, Iraurgi Berritzenek aurtengorako enpresei zuzenduta esku artean dituen lan lerroak eta proiektuak aurkeztu eta onartu zituzten. Honakoak dira 2019ko lan lerro nagusiak eta helburuak:

  1. Kapazitazioa. Enpresen berrikuntzarako pertsonen gaitasunen egokitzapena sustatzea da helburua: enpresa esperientzia onak partekatzea, ekintzara bideratutako formakuntza, eta eskualdean jardunaldiak eta ikastaroak eskaintzea.
  2. Lehiakortasuna. Eskualdeko enpresen lehiakortasuna bultzatu nahi da, bai berrikuntza teknologikoa, bai kudeaketa ereduen berrikuntza bultzatuz.
  3. Dirulaguntzen bitartekaritza. Enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzeko laguntzen deialdietan etengabeko zaintza eta proiektuen eskariak eta justifikazioak bideratuko dira.
  4. RIS 3 egitasmoak: RIS 3 eta Ekonomia Zirkularraren barruan sartzen diren proiektuak eta ekintzak garatzea (digitalizazioa, 4.0 teknologiak), eskualdeko enpresetan eragiteko.
  5. Enplegua enpresetan. Enpresek egiten dituzten enplegu eskaintzak eta praktiketarako perfilen aukerak identifikatzea eta bertako pertsonekin erantzuna ematea da helburua, enplegu zentroaren bidez kudeatuta. Azken helburua da eskualdean langabezia murriztea eta industria jarduerako enplegua aktibatzea, bertako talentua mantenduz.

Horiekin batera, hainbat proposamen eta egitasmo berri aztertu ziren enpresekin atzo bilerako: kapazitazio proiektuen urteko plangintza, Baliokaeratuz proiektuaren lan bilera monografikoa, Izarraitz Lanbide Heziketarekin elkarlana eta Hazilan Programaren formakuntza proposamen berria, esaterako.

Enpresei zuzenduriko proiektuez gain, eskualdeko ikastetxeekin eta beste eragileekin elkarlanean Kontseiluaren markoan abian dauden proiektuak ere azaldu ziren, ildo horien jarraipenarekin konpromisoa berretsiz.

Enpresa Gunean erreleboa

Bestetik, Enpresa Gunearen osaeran adostu bezala, ordezkaritza duten enpresen arteko erreleboa gauzatu da. Horrela, lau enpresa berri gehitu dira –Grupo Sarralle, Grupo Biele, Elkarmedia eta Tecnicur–, eta Enpresa Gunean parte hartzen jarraituko dute lehendik ere bertan zeuden Grupo Xubi, Sidenor, Industrias Ormola, Grupo Glual, Munibe Group eta Berritek enpresek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide