Zenbat urte dituzu? 30en inguruan bazabiltza edo dagoeneko igaro badituzu, ziur nago gurasotasunak era batera edo bestera zeharkatu zaituela. Ukitu behintzat egin zaituela esatera ausartuko nintzateke; lagunen bat ondorengoak izatera animatu delako, familiartekoren batek leinuaren jarraipena bermatu duelako, edo zergatik ez, zu zeu guraso zarelako jada. Eta konturatu zarenerako, gurasotasuna egunerokotasunean txertatuta daukazu. Hizketaldietan, eguneroko inertzietan... Izan ala ez izan: horra hor auzia!
Bart lagun batek deitu zidan aita izango dela kontatzeko. Haurdun daude. Zorion agurren tartearen ondoren, amaren osasunaz, jaiotze dataren hipotesiez eta halako kontuez galdetu nion. Ezer gutxi betikoaz haratago.
Ez nion galdetu bera nola zegoen, zer itxaropen zituen, zein ziren beldurrak edo nolakoa izan zen erabakitze prozesua. Datu soiletara mugatu nintzen, barrurago arakatu gabe. Agian, ez zen momentua; hurrengo elkarrizketetan izango dugu horretarako tartea. Baina susmatzen hasia nago, urriak direla gurasotasunaz –are urriago aitatasunaz– hitz egiteko sortzen ditugun espazioak. Haurraren eboluzioaz, erditzeaz, jatorduez eta kakez, hortzen edo esaten dituzten hitzen kopuruez dihardugu, baina ezer gutxi entzun ohi dut horrek guztiak sentiarazten digunaz; asmoez, nahiez, frustrazioez edo garaipenez.
Kausalitateetan sinesten dut kasualitateetan baino gehiago, eta duela gutxi sarean aurkitu nuen Edu Zelaietaren Amatasun antzua poemak horrela dio: "Amaren altzoan/eztiro kulunkatuz/dastatzen ditugu gizonok sormenaren/jelosiak".
Zurekin partekatu nahi nuen irakurle, gurasotasunaren intimitateari hitzok.