Bai, arrazoi duzu. Bezeroak beti arrazoi badu, zuk, irakurle zintzo eta jator horrek, zuk ere arrazoi duzu. Aspaldian ezkor, negatibo, ilun, triste, petral eta erretxinduta nabil. Litekeena da –litekeena ez, hala da–, egoera horretan egoteko nahikoa arrazoi ematen didatela munduak eta mundutarrek. Beno, arrazoi ala aitzakia? Esango nuke nire bizitza erosoago egiteko aitzakiak direla. Erosoago, eta aldi berean, pobreago. Kexa, tristura, pena, negarra, aitzakia erraz eta merkeak dira. Oso erosoak. Ez dute ezer eskatzen, baina eman ere, ez dute ezer ematen.
Mundutar alu, triste, zeken eta bihotz gabeek eraiki nahi diguten mundu gris honi aurre egin behar zaio. Ezin dugu amore eman, ezin dugu etsi. Hori da bide bakarra. Ilunari argia, tristurari alaitasuna, ezetzari baietza, petralkeari... Petralkeriari, zer? Ba petralkeriarentzat antidotorik edo sendabiderik eraginkorrena, inoiz hutsik egiten ez duena, adarra da; adarjotzea da gizakiak inoiz asmatu duen ibuprofeno, aspirina edo antibiotikorik onena. Norabide bikoitzeko adarjotzea. Bota eta entzun. Norabide bakarrekoa homeopatikoa da, bai baina ez; joan-etorrikoak inoiz ez dizu hutsik egingo. Adarjotzearena arte bat da. Minik ez egin, eta zu zeu ez mintzeko, ez izan oso azal finekoa. Atxuiako jakintsu filosofo eta filosofo jakintsuak aspaldi esan zuen bezala, "adarra jotzen dakien herria ez da inoiz hilko". Hori bai, ondo irakurri, adarra jo dio Landetatik aurrerako horrek. Aditza aldatu eta joren ordez hitza pluralera pasatu, aditza aldatu eta jarri ipintzen badugu, ekuazioa erabat aldatzen da. Jo beti jarri baino hobea da, nahiz eta posible den jotze hutsarekin jarri ere egitea. Horretaz hurrengo enziklikaren batean arituko gara.