#Arteakireki

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko mar. 26a, 10:56

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko martxoko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zarata handirik gabe iritsi da lege berria, soinurik ozenena atera dezakeen kolektiboa zapuztera dator, gainera. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren Euskadiko lehenengo erreglamendua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, kultur jarduerak murriztuko dituen 82 orriko testua onetsi dute. Bizikidetza erregulatzeko asmoz osatu omen dute, baina legeetan ohikoa den moduan, erabaki murriztailez bete dituzte artikuluak gure hobe beharrez. Arteak Ireki plataforma sortu dute lege horren aurka, batez ere, areto txikietako eta tabernetako kultur ekitaldiak mugatuko dituen legearen alde hori salatzeko. Izan ere, horiek ezingo dituzte urtean hamabi ekitaldi baino gehiago antolatu, ezta hilabetean bi baino gehiago eskaini ere.

Duela urte batzuk Extremadurako lagun bat gonbidatu nuen kultur asteburu bat igarotzera. Laguna ausarta da, eta ausardiaz jokatu nuen nik ere. Asteburu berean bertso saio bat, abesbatza baten emanaldia eta Mursegoren kontzertua bizi izan genituen (bai, Mursegoren kontzertu bat), guztiak gaztetxeetan zein tabernetan. Harrituta geratu zen inguruko kultur adierazpenen aniztasunarekin eta horiek aurrera eramateko azpiegiturekin eta borondatearekin. Elkarreragina aipatu zidan. "Kultur jarduna dago, eta hori aurrera ateratzeko lekuak daude. Lekuak dauzkazuenez, kultur jarduna daukazue", adierazi zidan. Jardun horren gorabeherez hitz egin nion, prekaritateaz eta boluntarioen prestutasunaz. Agertokian dagoenaren nahiz antolatzailearen atzeko lanez aritu nintzaion. Nola batak ala besteak ekonomikoki duten laguntza eskasaz bete zitzaidan ahoa. Alegia, negar pixka bat egin nion.

Badirudi, etortzen den hurrengo aldian, tristurarako aitzakiarik ere ez dugula izango.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide