Aldian–aldian, hiru artzain bizi ziren txaboletara joaten zen Pello, mugaz haraindi, hain zuzen, Okabe mendi magalera. Bata gaztea, apaiza; bestea, El Ruso deitzen ziotena, urtetan sartua; eta hirugarrena, berriz, ardoaren aski lagun mina.
Artzain-apaiza zeharo itxura onekoa omen, galant aparta alegia, eta neska andana joaten omen zitzaion prozesioan! Pello lekuko. El Ruso, berriz, bizitzan malur gehitxo jasandakoa: Bigarren Mundu Gerratean alemaniarrek atxilotu, eta, haien menpe zegoela, Errusiara bidali zuten borrokara; eta berriro atxilotua izan zen, kasu horretan sobietarren atzaparretan erorita. Artzainen arteko liskarrak istilutsuak ziren nonbait, eta Pellok borrokan ere ikusi omen zituen ardozalea eta El Ruso.
"Udan, txabola utzi eta Garaioko baserri batean igaro nian hilabete pasa, hango familiarekin, baserriko lanetan lagunduz eta. Etxean erderaz hitz egiten ziaten, baina pasadizo bitxi bat kontatuko diat horren inguruan. Aita UPNkoa zuan. Bada, beste guztiak oheratzen zirenean esaten zidaan: 'Orain euskaraz egingo dugu, Pello'. Euskara ahaztu samar eta moteldua zian, baina harrigarria duk hilabetean nola berreskuratu zuen", dio Pellok. Ia berrogei urte igaro dira eta esker onez eta nostalgiaz gogoratzen ditu hango guztiak. "Zenbat ikasi nuen beraiengandik... Naturaren onuraz zenbat zekiten eta horretaz zenbat baliatzen ziren... Mikel Zabaltzaren attek kontatutakoaz harrituta gelditu ninduan. Badakik teilatuan zer estalkiz baliatzen ziren? Zurezko xaflez; oker ez banago, pagoarenak. Ahalik eta berdinenak egin, teilak bezala txukun-txukun elkartu, eta listo! A, eta txundigarriena: 50 urte pasatu ondoren, xaflei buelta eman, eta beste hainbeste irauten omen ditek".
Masustak
Jateko kontuetan ere ikaragarri ikasi omen zuen. "Baso batek ematen duenarekin, errege bezala biziko haiz. Perretxikoak, hurrak, masustak, amuarrainak –gainera, guardak erakutsi zidaan nola harrapatu–, gaztainak... Eta kilo bat dilistarekin, hamabi otordu dauzkak. Jo, baina masustekin gogoratzen nauk gehien. Gosaltzen, a ze pila jaten nuen!". Hauxe bai hauxe, Robinson Crusoe!
– Eta garbitze kontuak? Ze nik gau bat pasatu nian txabola hartan, eta kedar usaina kentzea... puf! Kar,kar kar. Izan ere, neguan eta, jakina, hogeita lau orduz beheko sua martxan eduki behar, Pello.
– Ba imajina ezak: hik gau bat, eta ni han bizi...! Beno, errekatxoa ondoan nian eta hura zuan erremedioa. Ez zaidak ahazten, ilea biguntzea zenbat kostatzen zitzaidaan, kar, kar, kar!
Zakutoan oraindik gelditzen zaigu gure lagunaren hainbat kontakizun, eta azken atalerako utziko ditugu: egunerokoa, beldurrak nola kudeatu zituen, ateratako ondorioak, itzulera nolakoa izan zen, eta, batik bat, burutu zuen ikus-entzunezko ekoizpen interesgarriaren kontaketa.