Gure barrakoiak ospitale lanak egiten zituen. Ospitalea, halakoxea. Hara sartzen zena ez zen bizirik irteten. Goizero-goizero ateratzen zituzten hildakoen gorpuak. Hala ere, baziren zenbait preso, artean hilda ez zeudenak. Hiltzorian, baina artean bizirik. Gorputzaren parte bat arratoiek janda edukiagatik ere, bizirik.
Miloi bat eta ehun mila lagun hil ziren esparruan. 1945eko urtarrilaren 27an sartu ziren sobietarrak Auschwitz-Birkenaura, eta, ordurako, 2.819 lagunek irauten genuen bizirik. Ez ginen hexur eta axal baizik. Zarpail eta zikin jantzita geunden. Libre ginela esan zigutenean, ez ginen erreakzionatzeko gauza. Ez bururik mugitu genuen, ez hitzik esan genuen. Gure begiek, horratik, inoiz gizakiak ikusiko dituen izugarrikeria guztiak ikusi zituzten. Gure eztarrietan, sei hizkuntza sartzen ziren. Gure bularrean, bi alaba eta hiru biloba. Gure besaurrean, XX. mendeko txarkeriarik txarrena. Hortxe tatuaiagileak egin zigun zenbakia. Odola ematera joango bagina bezala jaso genuen alkandoraren mahuka. Txertoa eman behar baligute bezala. Ez da gaizki esana, txertoa. Horixe egin ziguten, bizi guztiko txertatu.
Nik, orduan, 15 urte besterik ez nituen. Salonikan bizi ginen. Egun batetik bestera, biolentzia giroa. Usaina aditu genuen. Iragarki bat jarri zuten, non esaten baitzen judu guztiok sinagogara joan behar ginela. Dabiden izarra jarri behar omen genuen paparrean.
Trenean Auschwitzera
Goian zerua, behean lurra bizi ginen etxean. Aita nik lau urte nituela hil zitzaigun. Hiru anai-arreba eta ama ginen bizirik. Alemanak etorri, eta lanerako hartu zituzten nire bi anaiak. Zaharrena, Albert, trenean lanean jarri zuten, mekanikari. Txikia, Dino, kare meatzetara eraman zuten mendira. Amak, berriz, negar besterik ez zuen egiten. Beti negarrez ama. Goizean, jaikitzen zenean, ez zegoen haren begiak ikusteko modurik. Negarrak ezkutarazten zizkion begiak. Jende asko goseak hil zen garai hartan. Beste asko, gaixorik.
Gogoratzen naiz gorputzak puztuta zeuzkatela. Egun batean, alemanek gu hartu, Salonikako eta aldirietako 65.000 juduak, eta trenera igoarazi gintuzten. Bazen gizonezko bat, uniformeduna, erabakitzen zuena: "Zu, zu, eta zu". Eta trenera. Eta Auschwitzera. Hori bezain erraz, hori bezain konplikatu. Animaliak bezala, bagoietan, pila-pila eginda, bata bestearen gainean. Egunsentiarekin iritsi ginen esparrura. Eta, hara orduko, lehenengo-lehenengo gauza ikusi nuena, labeak. Trenetik jaitsi eta builaka eta hoska hasi zitzaizkigun.
Batzuk ez ziren bagoitik salto egiteko gauza. Atzekoek, haien gainetik saltatzen zuten. Bozgorailuetatik esaten zuten ibiltzeko gauza ez ziren edadekoak eta emakumeak han ondoko kamioietara igo behar zirela. Sasoi onena zutenak nahi zituzten. Lehenengo gauza, tatuatu egin gintuzten. Zenbakia besaurrean. Ilea larru arras moztu ziguten. Bainugeletara eraman gintuzten, dutxatzera. SSetako emakumeek, batean ura irakiten jartzen ziguten, hotz-hotza, aldiz, bestean. Haiek barre algaraka, eta gu garrasika. Urtea egin nuen Birkenaun, eta urtea eta bi hilabete, berriz, Auschwitzen.