Atzo egin zuten udal hautetsiek 2015-2019 agintaldiko azken ohiko udalbatzarra, eta agur itxura hartu zuen bilkurak. Izan ere, galderen nahiz erreguen tartea agur eta esker mezuetarako baliatu zuten EH Bilduko eta EAJko hainbat hautetsik. Hain zuzen ere, hainbat zinegotzik ez du herriko politikaren lehen lerroan segituko datorren maiatzaren 26ko hauteskundeen ondorenean, eta horietako batzuek agintaldiaren balorazioa egin eta udalbatza osatu duten zinegotzi guztiei eskerrak eman zizkieten.
Ainhoa Beristain EH Bilduko zinegotzia izan zen hitza hartzen aurrena, eta hark "eskerrak" eman zizkien EH Bilduren proiektuan sinesten duten herritar guztiei, zinegotzi izateko aukera emateagatik. Xanti Gurrutxaga da zinegotzi kargua utziko duen EAJko kideetako bat, eta hark Udalean ordezkatuta dauden bi alderdiek lau urteotan izandako elkarlana "garrantzitsua" izan dela adierazi zuen: "Dena eman dugu urteotan, eta uste dut lan txukuna egin dugula. Pertsonak gara, ideia desberdinak ditugu, baina horren gainetik garrantzitsuena da elkarlanean aritzea". Estitxu Elduaienek ere ez du Udalean jarraituko; izan ere, hura EH Bilduren zerrendan izango da datozen foru bozetan. Hark eskerrak eman zizkien taldekide guztiei "egindako bideagatik". Gainera, Elduaienek adierazi zuen "oreka" aurkitu dutela bi alderdiek osatzen dituzten udal batzordeetan. Leire Etxaniz EH Bilduko zinegotziak, berriz, une "gaziak eta gozoak" bizi izan dituela jakinarazi zuen, "onekin" gelditzen den arren. Haren arabera, lehen lau urteak –2011-2015 agintaldia– gogorrak izan ziren ekonomia krisia tarteko, baina zortzi urtera, herriak "izugarrizko eraldaketa" izan duela esan zuen.
Ixiar Lasa EAJko zinegotziak ere ez du kargua errepikatuko, eta hark Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileari eta Eneko Etxeberria alkateari eskerrak emateko baliatu zuen hitzartzea. "Alkate ona izan zara, estiloa markatu duzu, eta hori da, hain zuzen ere, niri gustatzen zaidan politika mota. Ohorea izan da zurekin lan egitea. Oposizio buru oso gogorra izan dudzu, oso pertsona transbertsala da Aitor [Gorrotxategi] eta Azpeitiak zortea izan du halako bi pertsona Udalaren gidaritzan izateagatik; izan ere, zubiak egin dituzte, eta gertutasuna adierazi dute". Aitor Gorrotxategik azaldu zuen aro bati bukaera emateko garaia iritsi zaiola, hogei urtez zinegotzi izan dela gogorarazita: "Atsedena behar dut. Udal politikagintzak nekatu egiten du, baina argi dut herrigintza oso garrantzitsua dela. Zubilana, elkarlana, izan dugu ardatz, eta une onak zein txarrak pasatu ditugu, baina pena puntua ere badaukat". Orain dela zazpi urte lagun batek herrian bake giroa sortu behar zela esan ziola ere jakinarazi zuen EAJren udal taldearen bozeramaileak: "Egindako lanak lagundu digu husten, elkar ezagutzen, bestearen lekuan jartzen... Lanketa handia egin dugu, nahiz eta gizartea gu baino azkarrago doan". Politikoki herrian aldaketa "nabarmena" gauzatu dela ere esan zuen, eta partekatu dituzten une guztiengatik eskerrak eman zizkion EAJren udal taldeari, "taldelana" izan dutelako ardatz. EH Bilduko kideentzat ere esker hitzak izan zituen, eta udalgintzan segituko duten herritarrei "indarra eta zortea" opa dizkiela adierazi zuen.
Zortzi urtez Azpeitiko alkate izan den Eneko Etxeberria izan zen hitza hartzen azkena. Hark "une berezia" zela esan zuen, alkatearen aulkitik hitz egiten zuen azken aldia zelako. Etxeberriak barkamena eskatu zien huts egin dien azpeitiar guztiei: "Gauzak ongi eta gaizki egin ditut, hori da gizakia. Gaizki eginak barkatzeko eskatzen diet nirekin lan egin dutenei; izan ere, nire formak ez dira gozoenak, eta sentitzen dut". Bestalde, alkateak eskerrak eman zizkien "errespetatu" duten eta "lagundu" dioten herritar guztiei: "Estimatzen dut emandako konfiantza, eta aurrerantzean ere herriari laguntzeko konpromisoa hartzen dut. Eskerrak eman nahi dizkiet familiako kideei, Udaleko langileei, prentsako langileei eta zinegotzi guztiei". Etxeberriak gogoratu zuen une "oso gogorrak" bizi izan dituztela Udalean, batez ere, ekonomia krisiak herria astindu zuen garaian. Hark, baina, "elkarlanean" asmatu dutela adierazi zuen, bi alderdiek Udalean izan duten lankidetzari keinu eginda. "Ardatza hor egon da, eta egitasmoak hor txertatu ditugu. Ezberdin pentsatu arren, aurrera egin dugu, eta uste dut ezberdin pentsatuta ere, hitz egin egin behar dela. Horretan asmatu dugu".
Alkateak zinegotzi guztiei eskerrak eman zizkien banan-banan, eta adierazi zuen etapa baten bukaera dela bizi duena: "Gure bizitzak ez dira infinituak, gure jokoak ez dira infinituak, eta hasitakoa bukatu egiten da. Hauexek izan dira gure eta azpeitiarren zortzi urteak, eta azpeitiarrentzat, nire esfortzu onenak, udalbatza honen asmorik onenak, gure begirune eta errespetu guztiak, besarkadak, ahaleginak eta miresmena. Azpeitia berri batean aurrean gaudela ez dut dudarik egiten. Zortzi urtetan goitik behera aldatu da herria, eta uste dut bakea badatorrela, pixkanaka-pixkanaka, guztiontzat". Bukatzeko, espetxetik atera berri den Joseba Segurolari aipamena egin zion alkateak: "Joan zen zapatuan aukera izan nuen Segurola herriko plazan besarkatzeko, eta pentsatu nuen hurrengo alkateak itxiko duela merezi dugun bakearen zikloa".